Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020/01/14

Bertsolaritzaren hedabideratzeari buruzko tesia, aurkeztuta

Antxoka Agirrek osatu du bertsolaritzaren presentzia mediatikoan ardaztutako lan mardula, UPV/EHUren baitan. Hainbat hedabidetako testuak behatzearekin batera, garaian garaiko testuinguru soziala eta bertsolaritzaren eragiletzarena aztertzera ere eraman du lanak.

Pasa den urtearen hondarrean aurkeztu zuen Antxoka Agirrek bere doktoregai tesia adituen epaimahaiaren aurrean, UPV/EHUko Leioako campusean. Bertsolaritzaren presentzia mediatikoa oinarri duen lana osatu du zumaiarrak, Bertsolaritzaren Historia: Hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018): Ahots subalternoaren bizi-indarraren testigantza bat izenburupean.

Hedabideratze hori aztertzerakoan, bestelako zenbait alderdi ere landu ditu ikertzaileak; hainbat hedabidetan arakatu eta aurkitutako testuak biltzen lan handia egiteaz gainera, bildutako hori kokatzeko, testuingurua bera ere aztertu baitu halabeharrez. Hala, kazetaritza piezen corpus garrantzitsu bat berreskuratzearekin batera, lan mardula osatu du Antxoka Agirrek hiru urteren buruan, Txema Ramirez de la Piscina eta Simon Peña Fernandez irakasleen zuzendaritzapean.

“Bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren hariari tiraka garaian garaiko eragileak, bertsolaritza eguneratzeko hauek egindako ahaleginak, berrikuntza proiektuok euskal kulturaren bilakaera orokorrarekin izan ditzateketen loturak edota ikuspegi ezberdinek eragindako korapiloak ezagutzeko modua izan” daitekeela aipatzen du egileak. Izan ere, hainbatetan kazetaritza testuen sinadurak bat etorriko dira bertsolaritzaren eragileekin, eta, honenbestez, bertsolaritzaren eragiletzaren historia funtsezkoa da bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren historia ulertzeko; eta alderantziz.

Era berean, argitaratzen dituzten komunikabideen izaerak garaian garaiko kultur proiektuen inguruko zantzuak eskainiko dituzte, edota hartzaileak ere sumatu ahal izango dira prentsako orrialdeetan barrena ikertzailearen esanetan; finean, presentzia mediatikoaren eta eragiletzaren historiak bertsolaritzaren historia sozialean txertatzen diren neurrian, historia hori osatzen lagun dezaketela pentsatzekoa da. Gainera, testuingurua modu zabalago batean ulertzeko Euskal Herriko kulturgintzaren bilakaera edota Europan kultura popularrak bizi izandakoa azaltzen duten lanetara ere jo du Agirrek.

Kronologikoki antolatu du kontakizuna lanean, eta garaiaz gainera, formatu edo euskarri mediatiko ezberdinetan eman diren urrats nagusiak aintzat hartuta.

Nolatan lortu du bertsolaritzak egun daukan arreta mediatiko ezohikoa? Eta nolatan dauka bertsolaritzak pisu hori gaurko euskal kultur sisteman? Horiek erantzuteko bide-orriari jarraituta, argitaratua du jada Antxoka Agirrek doktore aitortza ekarri dion tesia, eta bertsolaritzari ekarpen handia egin diona. Zorionak eta eskerrik asko, Antxoka!