Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/05/10

Bertsolaritzaren fenomenoa, Frisian

Euskal kantu inprobisatuarekin erabat liluratuta, bertsolaritzaren aldaera frisiarra ernaldu nahi du hango boskote prestu batek. Proiektua datorren maiatzaren 18an aurkeztuko dute Leeuwarden-Fryslân 2018ko Kultur Hiriburutzaren Hizkuntzen Gunean; tartean, bertsolaritzaren inguruan ekoitzitako dokumentala.

Mendeetan zehar biziraun eta Euskal Herrian ezaguna den ahozko espresio artistiko batek izan al dezake arrakastarik atzerrian? Herbehereetako frisiar probintziako bost lagun baiezkoan daude, eta hala izan dadin sortu dute Bartelje! proiektua. Maiatzaren 18an emango dute egitasmoa ezagutzera, Leeuwarden-Fryslân 2018 Kultur Hiriburutzaren Hizkuntzen Gunean (MeM aretoa). Gainera, gau hori baliatuko dute Hizkuntza gutxitu baten arrakasta film dokumentala aurkezteko: ikus-entzunezkoak euskal bertsolaritzaren fenomenoaren berri eman eta frisiar hauek arte mota hori beren herrian abiarazteko egiten ari diren ahalegina deskribatuko du.

Bost frisiar dira proiektuaren sustatzaile: Bart Kingma, Gerard de Jong, Elmar Kuiper, Mirjam Vellinga eta Syds Wiersma dira Barteliers izena hartu duen taldeko kideak. Horietako hiru Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izan ziren iaz; Vellinga, Kingma eta Kuiper Mintzola Terrazatik ikuskizunaren lekuko izan ziren, eta txundituta bizi izan zuten egun hartako jarduna. Bizipen horietako batzuk jasotzen ditu maiatzaren 18an MeM Hizkuntzen Gunean aurkeztu behar duten ikus-entzunezkoak. 20:00etatik aurrera izango da ekitaldia. Gainera, dokumentalaren emankizunaren ondotik eta bertso bat zer den ulertzeko arauak azaldutakoan, nahi duen orok bertsotan saiatzeko aukera izango du. Frisiar bertsolaritza hizkuntza txiki eta gutxituetan emango da ezinbestean; hala, jendeak frisieraz edo probintzia horretako beste hizkuntzetan – bildts, franekers, stellingwarfs, etab. – egingo du bertsotan. Antolatzaileek 150 lagun inguru gonbidatu dituzte (idazleak, poetak, hizkuntza txiki eta gutxituen zaleak) gau berezi hori beraiekin partekatzera.

Ondoren, maiatzaren 19an eta 20an eskainiko dute dokumentala frisiar telebistan zein Herbehereetako telebista nazionalean - hilaren 19an, NPO2 katean 15:30etik aurrera; eta 20an, NPO2 katean 13:00etatik aurrera eta Omrop Fryslân katean 17:00etan -.

Frisiar bertsolaritzaren lehen ikuskizuna

Bertsolaritzaren fenomenoari frisiar izen bat ematerakoan, sustatzaileek bartelje aukeratu dute. Batetik, Bart eta Bert ez daudelako elkarrengandik hain urrun; bestetik, Bartelje hitzak, boartsje (jolastu) aditzari keinu egiteaz gain, bataila ere iradokitzen duelako, lehiaren zentzuarekin ulertuta.

Barteljen berriaren lehen emanaldi nagusia uztaileko lehen asterako aurreikusita dago. 1etik 8ra bitartean euskara izango da protagonista MeM aretoan, Etxepare Euskal Institutuak gidatutako egitarauaren bitartez eta bertsolaritzak eta frisiar barteljek bat egitea da xedea. Emanaldiok Leeuwarden-Fryslân 2018 Kultur Hiriburutzaren baitan gauzatuko dira, aurten frisiar hiriburua izango baita Europako kultur hiriburuetako bat, 2016an Donostia nola.

Informazio gehiago eta etangabeko eguneratzea, proiektuaren Facebook orrialdean: www.facebook.com/bartelje/