Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bertsolaritzaren artikulazioak

Bertsolaritzak rocka limurtu zuenekoa, 90eko hamarkadan bertsotan hasi zen belaunaldi gaztea, bertsolaritzan emakumeek duten presentzia eta hiztun berriena izan dira solasgai bigarren jardunaldian.

"Bertsolaritza garaikidea bihurtzea izan da gakoa fosilduta geratu ez dadin", hala aipatu du Jon Maiak bere hitzaldian bertso eskolen inguruan aritu denean. Garaikide izateko etengabeko eraldaketa prozesu horretan, bertsolaritzak hasiera batean urruneko zitzaizkion munduak ukitu ditu edota garaian garaiko gizartean agertzen diren sentsibilitateekin bat egin.

Bertsolaritzaren artikulazioei heldu zaie gaur Miramar Jauregian, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Mintzola Ahozko Lantegia gauzatzen ari den bi eguneko eskolan, Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak. Izan ere, tradiziotik etorritako adierazpidea izanik aurrerako bidean egokitu zaizkion beste mundu zenbaitekin izan du harremana bertsolaritzak. Horietako batzuk mahaigaineratu dira gaur: rockaren eta bertsolaritzaren arteko gurutzaketa, 90eko hamarkadan bertsotan hasi zen belaunaldi gaztea, emakumearen presentzia eta hiztun berriena. 

Alberto Irazuk Rocka Puntua bere lanaren zenbait ideia aletu ditu. Bi parabola izan ditu hari bere saiakeran: "Zer gertatu da bertsolaritzan 70 hamarkadatik hona, atzerritik zetozen doinuak kondenatzetik, bapatekoan erabiltzeraino? Nola sartu da bertsoa rock munduan?". Euskara rockean sartzeak ahalbidetu du, halaber, bertsolaritza rockean sartzea: "Euskal rockaren hastapenetik egon da bertsolaritza hor. Zenbaitetan modu naturalean, transgresioaren bidetik beste zenbaitetan. Iraultza Negu Gorriak taldeak ekarri zuen, Public Enemyk mainstreamera eramandako rapa eta 1986ko Txapelketa Nagusiaren nahasketa formulatu zuenean: bertso-hop". 

Rockaren eragina ere bazuen belaunaldi gaztea oholtzaratu zen bestelako imajinario bat zuen bertsolarien artera 90eko hamarkadan; horren inguruan aritu da Jon Maia: "Bertso eskolek demokratizatu egin zuten bertsolaritza; edozein motatako euskaldunei bertsolari izateko aukera eman zitzaien. Euskarazko marrazki bizidunen seme-alabak ginen gu; Supermanen pelikulak ikusten genituenak edota Pablo Milanes entzun... oholtzan topatzen genituen eta zubi lana egin zuten bertsolarietako askoren unibertso imajinarioa gertuago zegoen Txirritarenetik guretik baino, nahiz eta urteen aldea txikiagoa izan". 

Oihana Iguaran bertsolaritzan emakumeak izan duen presentziaz aritu da. Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoak azaleratu dituen datuak aipatu ditu: "Edalontziaren %20 beteten ari da (emakume bertsolariekin), baina itogin bat daukagu; 18 urterekin gertatzen den arrakala bertso eskoletan. Zergatik jarraitzen da? Zergatik uzten da? Espazioa eraiki, berdiseinatu eta itogin hori nola aztertu ikusi behar da". Urteotan bertso munduan egin diren ekarpenak ere aipatu ditu, besteak beste, Bertsozale Elkarteak martxan jarritako Ahalduntze bertso eskola. 

Bertso munduan hiztun berriek duten legimizazioaren inguruan eta diskurtsoetan duten presentzia aztertzen ari da Miren Artetxe: "Miresmen puntutik ikusten da hiztun berria bertsotan; baina badu ifrentzu bat, nolabait hizkuntzarekiko izandako harreman hori gatazkatsuagoa edo horren naturala izan ez dela pentsatzera daramana". Gizartean bestela den arren, bertso mundua oraindik ere euskaldun zaharren mundua dela ondorioztatu du Artetxek, baina "aukera ikaragarri bat" ere baduela nabarmendu du: "Benetako bertsolaria mutante bat da plazan; diskurtsoak eta praktika aldatu ahala, definizioak eta kanonak aldatuko lirateke, eta horrek sarbidea erraztuko lieke beste hiztun kategoriakoei". 

Bertso saioa, arratsaldean

Ikastaroko ikasleetatik harago, interesa duen edozein zale etorri ahal izango da doakoa izango den bertso saiora. Komentatutako bertso saio feministan Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariek hartuko dute parte, Maite Berriozabalek jarritako gaiei erantzuten. Miramar Jauregiko Terrazan izango da saioa, 17:00etatik aurrera. Gero arte!