Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/07/10

Bertsolaritza, zientziako ikergai

Kepa Paz-Alonso, Aitzol Astigarraga eta Manex Agirrezabal ikertzaileek euren lanaren berri eman dute.

Oso bestelako ikuspegi batetik hurbildu da bertsolaritzara Bertsolaritzaren bidegurutzeak ikastaroaren azken saioa. Bertsolaritza begirada zientifikotik aztertzen dabiltzan hiru ikertzaile izan dira gaurkoan hizlari, eta euren lanen berri eman digute.

Kepa Paz-Alonso Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroko ikertzaileak zabaldu du gaurko hitzaldi sorta. BCBL hizkuntzaren neurozientzia kognitiboan lanean diharduen puntako zentroa da eta bertsolariaren jardun neurologikoa aztertzea izan du jomuga; bertsolariak gaia jasotzen duenetik, prestatu eta bertsoa botatzen duen arte egiten duen jarduna izan du aztergai Kepa Paz-Alonso ikertzaileak. 17 bertsolari profesional aztertu dituzte, horietako bakoitzaren ezaugarri fisiologiko antzekoak eta hizkuntza gaitasun berdintsuak zituzten bina pertsonekin erkatuz: bertso eskoletan prestakuntza jasotakoa bata eta bertso sorkuntzan esperientziarik ez duen euskal hiztuna bestea. Guztira, beraz, 51 lagunekin egin dute azterketa. Ariketa berberak egin dizkie hiru maila hauetan sailkatutako pertsonei eta erkaketa horietatik atera dituzte ondorioak. Emaitza horiek Science aldizkari zientzifikoan kaleratuko dituzte lehenik eta behin, eta datozen hilabeteetan egingo dira publiko emaitzak.

Aitzol Astigarragak eskaini du saioa gero. Robotikaren talaiatik egindako ikerketa da berea; bertsobota aurkeztu du berak, bertsotan egiten duen robota: “guk ez dugu bertsolari miragarririk aurkeztuko baina engranaje artean dagoena erakutsiko dugu”, azaldu du Astigarragak. Tartalo, Galtxagorri eta Nao roboten bitartez, bertsotan aritzeko gaitasuna erakusten duen robot autonomoa aurkeztu du, arrazonamendurako eta akzio gaitasunetarako garatzen dabiltzan argibide teknikoak emanaz. Batetik, hizkuntza naturala ulertzeko gaitasuna ematen dion sistema du txertatua eta bestetik, 4 oin entzunda, gai da bertsoa sortzeko: testu corpusetan oinarrituta eta horietan arakatzeko bi sistema txertatuta (bata hitz gakoak bilatzekoa eta bestea eduki semantiko hurbilak erlazionatzekoa). Robotaren gaitasuna hobetzeko lanetan dabiltza, besteak beste, publikoaren erreakzioa jaso eta hurrengo bertsoko mezuaren sorkuntzan eragina izan dezan.

Manex Agirrezabalek itxi du gaurko eta ikastaroko egitaraua. Aitzol Astigarragaren eremu berean dabil lanean EHUko IXA ikertzaile taldeko Agirrezabal, baina testuingurua aintzat hartu gabeko sorkuntza automatikoan dabil bera. Makinak puntuetako edukia pentsatu eta sortze aldera hainbat sistema garatu dituzte eta horien berri eman du Agirrezabalek, Bertsotarako Arbel Digitala ekimenetik abiatuz.

Ikerkuntzako esparru berriak ezagututa, amaitutzat eman da Mintzola Fundazioak EHUko Uda Ikastaroekin elkarlanean burututako Bertsoa Unibertsitatean zikloa.