Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/06/06

Bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu du Nafarroako Gobernuak

Hala jakinarazi du Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gaztedia kontseilariak Nafarroako Gobernuaren asteroko bileraren ostean. Izendapena aurkezteko ekitaldi bat antolatu du Gobernuak ekainaren 20an.

Nafarroako Gobernuak egin duen bilkuran bertsolaritza Nafarroako Kultur Intereseko Ondasun izendatzea onartu du, ondare materiagabekoaren kategorian. Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gaztediko kontseilariak eman du izendapenaren berri eta bertsolaritza Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenena eta hobekien kontserbatu dena dela adierazi du.

Era berean,  bertsolaritzak duen errotzea, komunitatearen babesa, eta transmisioa egiten ari den lana nabarmendu ditu, besteak beste. Kultur Intereseko Ondasunaren izendapenak bertsolaritza bizirik mantentzen lagundu nahi du, kontrolatutako eraldaketa ahalbidetuz.

Ekainaren 20an izendapen honen aurkezpen ekitaldi publiko bat egingo da 18:00etan, Nafarroako Museoan. Bertan, Gobernuko ordezkariez gain, Gontzal Agote Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak, Julio Soto Nafarroako bertsolari txapeldunak eta Alfredo Asiain irakasleak eta ahozkotasunean adituak hartuko dute parte. Ekitaldia irekia da eta hura bukatzean bertso saio bat izango da Nafarroako Museoko atarian.

2011n hasitako prozesua
2011ko martxoaren 25ean Nafarroako Parlamentuak, aho batez, Gobernuari bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko prozesua has zezan eskatu zion, ondare materiagabe gisa. 2005ean Nafarroak indarrean jarri zuen Kultur Ondarearen legea zegoen izendapen eskaera horren muinean.

Orduz geroztik, luze jo du bertsolaritza Nafarroako Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko prozesuak. Gaia hainbat urtez izoztuta izan ondoren, 2016an berriro heltzea erabaki zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamenduarekin harremanetan jarri eta bi aldeek izendapen prozesua berraktibatzeko aukera ikusi zuten.

2017ko hasieran Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendapenerako eskaera ofiziala egin zuen. Horretarako, bertsolaritzak herrialdean izan dituen eta dituen presentzia eta garrantzia biltzen zituen txosten xehea aurkeztu zuen. Bertan, besteak beste, bertsolaritzaren alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitatearen parte-hartzea, bilakaera eta transmisio lana bildu zituen Elkarteak. Kultur Intereseko Izendapenerako espedientea Nafarroako Ondare Materiagabekoaren Artxiboko zuzendari tekniko eta NUPeko irakaslea den Alfredo Asiain etnolinguistaren beste txosten batek osatu zuen.

Dokumentazio hori guztia aztertu ondoren, iazko irailean Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Nafarroako Kultur Intereseko Ondare izendatuko zuela jakinarazi zuen, horretarako behar diren baldintza guztiak betetzen baititu. Azkenik, Nafarroako Kultura Kontseiluak oniritzia eman zion izendapenari, Nafarroako Gobernuak onartu aurretik.

Ondare materiagabearen arloan Nafarroak onartuko seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzarena. Aurretik, Lantzeko inauteriek, Ituren eta Zubietako inauteriek, Hiru Behien Zergak, Luzaideko Bolantek eta Cortesko makil dantzak jasoa dute herrialdean ondare materiagabeak jaso dezakeen babes mailarik gorena.