Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2013/10/10

Bertsolaritza ikertzen. Mintzolako urriaren 9ko hitzaldiak: Pio Perez, Eric Dicharry eta Elixabete Perez

Urriaren 9an aritu ziren Pio Perez, Eric Dicharry eta Elixabete Perez Mintzolak antolatutako Munduko kantu inprobisatuaren jardunaldietan. Aurkezle lanetan Laxaro Azkune aritu zen. Arratsaldeko 7etan hasi ziren hitzaldiak eta Pio Perez izan zen lehena hitza hartzen. EHUko antropologiako irakasle eta doktore denak, Joxe Zapirainen bertso-malkoak. Edo nola arindu arimaren sufrimenduak bertsoen bidez deituriko hitzaldia eman zuen. Piok Joxe Zapirainen bertsoek sortutako emozioz mintzatuko zela esan ostean, entzuleei gai bat ipini zien Joxeren egoeran kokatzeko, horrela zioen: “Etxeko sukaldean bazkaltzen zaude 7 semeekin, erreketeak sartzen dira eta etxea hankaz gora jarri ondoren guztiak atxilotzen zaituztete. Zu, aita, hurrengo egunean aske utziko zaituzte, beste bi seme ere bai, baina bi heriotza zigorra ezarriko diete biri eta beste biei bizitza osorako kartzela zigorra ezarriko diete”. Egoera horretan idatzi zituen Joxek bere bertsoak.

Joseba Tapiak abestutako Joxe Zapirainen bertsoak entzun ondoren, Piok ikerketa abiarazteko balio izan zuen galdera bota zuen: “Nola abestu dezake aita batek horrelako egoera batean bertso hauek?”. Zapirainen historia entzun ondoren Piok azaldu zuen, Joxek bertsoak oroimena gordetzeko erabiltzen zituela. Esan daiteke Zapiraindarrak ez zirela plaza gizonak, ez zuten grina hori. Orduan zergatik bertso bidez? Bada Pioren ustez bertsoen bidez barneko emozioak bideratzea posible zitzaielako, bestela ezin eta. Pioren hitzetan, haientzako hitzek eraginkortasun performatibo eta traumaturgikoa zuten: bertsoen bidez komunikatzen zuten beste moduetan ezin zutena komunikatu. Leviren zita bat ere ekarri zuen Piok: “Filosofoak hitzak aurkitzen ez dituenean poetari utzi behar dio lekua”. Piok aipatu zuenez, beste ikerlari baten hitzak bere eginez, orain arteko ikerketetan teknikari erreparatu zaio asko, sorkuntza eragindako emozioari baino gehiago. Horretan datza bere ekarpena: bertsogintzaren analisian presenteago edo kontutan hartzenago egon dadin emozioen alorra.

Pioren ondotik, Eric Dicharryren txanda iritsi zen, Ziburuko antropologo honek Hezkuntzaren ekologia. Antropologo bat bertsolaritzaren eskolan deitutako liburua idatzi berri du eta horren berri eman zuen, Eusko Ikaskuntzaren eskutik argitaratu duen liburua. Bertso eskolen ekologia ikertu nahi izan du Eric-ek, horretarako hamaika bertso eskoletan aritu da landa lane egiten eta anitz elkarrizketa egiteaz gain, metodologia berriak erabili izan ditu. Hezkuntzaren ekologiaren bidez, hezkuntza, gizartea eta ekonomiaren arteko harremana aztertu nahi izan du. Hau da, ikaslearen ingurugiroa ikertu nahi izan ditu. Eric-ek ateratako tesietako bat Morinen “asmatzen dugun hizkuntzak asmatzen gaitu”  esaldia garaturik atera du, aldaketa ttiki batekin: hizkuntza dioen lekuan bertsoa jarri du; bere ustez bertsolaritzak asmatzen duelako ikusteko modua. Ondoren bertsolaritzaren motorrak azaldu zituen eta liburuaren aurkezpen batekin amaitu zuen

Elixabete Perez euskal filologian doktorea da eta gaur egun, komunikazio graduan irakasle moduan dabil Deustuko unibertsitatean. Elixabetek Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar buruzko ikerketa egina du eta horren berri ematen aritu zen Mintzolako hitzaldian. Errenteriako bertsolari horren ama (Juan Francisco Petriarena Xenpelarren arreba)  oso gaztea zela hil zen, eta beraz bere aita, ama-ordea eta amonarekin bizi izan behar zuen urte askoz. Etxean eta familian jasoko zuen bertsozaletasuna, beharbada amonaren eskutik. Ez baita ahanztekoa batez ere orduan ahozkotasunaren transmisioan emakumeek jokatzen zuten rola. Joxepa lantegian eta jostundegian aritzen zen bertsotan, horiek ziren bere bertsotarako plazak. Elixabetek aitortu bezala, esan daiteke emakume ausarta zela gizonen bertsoei aurre egiten zielako. Esaterako Bilboko Ibaizabal aldizkarian neska-zaharrei burla egin zieten bertso batzuei erantzun zien. Hauez gain, herriko gertakariak, fabrikako egoerak eta Europako gerrak izan ziren bere bertsotarako gai batzuk. Eta Elixabete harritzen duen arren, ez zuen etxeko egoeraz inoiz kantatu, ezta gerra zibilari buruz ere. Hitzaldiari amaiera emateko Elixabetek berak erantzun ezin izan zituen galdera batzuk plazaratu zituen eta entzuleei gonbidapena luzatu zien emakume bertsolari honi buruzko ikerketak egiten jarraitzeko.

Honen ondoren mahai inguruan aritu ziren hiru ikerlariak eta galderak egiteko aukera izan zuten hitzaldira hurbildutako 32 lagunek. Erantzunen ondoren, Laxarok bukaera eman zion atzoko topaketari gogoraraziz hurrengo asteazkenean ordu berean Mexikoren besotan eta Mexikon bertsotan deituriko hitzaldiak izango direla, Miren Artetxe eta Iñaki Muruaren ahotik. Aipatu biek Mexikoko egonaldiko esperientzia kontatuko digute, Mexikon barrena ibili baitziren 15 egunetan Hegoamerikako inprobisatzaile askorekin batera, bertsotan eta hitzaldiak ematen. Miren eta Iñakiz gain, Blanca Lopez eta Esti Alberdi ere egongo dira mahai inguruan, bi hauek ere izan baitziren Mexikon, laguntzaile gisa.

Hitzaldiak ikusgai www.bertsoa.com-en.