Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2013/10/17

Bertsolaritza ikertzen. Mintzolako urriaren 16eko hitzaldiak: Miren Artetxe eta Iñaki Murua

Mintzolak antolatutako Munduko kantu inprobisatuaren jardunaldien bigarren eguna izan zen, urriaren 16an, Mintzolan. Miren Artetxe eta Iñaki Murua izan ziren hizlariak. Biak ala biak Mexikon egon ziren hamabost egunez, "5º Jornada Iberoamericana de Jóvenes Poetas, Troveros y Versadores" izeneko jardunaldietan. Jardunaldiotan Hego Amerikako inprobisatzaile desberdinekin egon ziren, eta horren berri eman zuten hitzaldian.

Hitza hartzen lehena Miren Artetxe izan zen, Mexikon bertsotan deitutako hitzaldia eskaintzeko. Mirenek Mexikon bizitako esperientzia azaldu zuen, horretarako hitzaldia hiru zatitan banatu zuen. Lehenik joan aurretik egin zituzten gogoetak azaldu zituen. Ondoren, bidaian zehar edukitako esperientzia eta gogoetak. Eta azkenik, itzuli ondoren egindako hausnarketen berri eman zuen. Joan aurretik urduri zeuden: zer aurkitu behar zuten ondo ez jakiteaz gain, euskararen “arazoa” zeukatelako: beste inprobisatzaile guztien artean beraiek bakarrik ziren gazteleraz ari ez zirenak. Gero, ordea, ez zuten arazorik eduki euskaraz abesteagatik. Horrela egin ahal izateko hiru estrategia erabili zituztela argitu zigun Mirenek: Lehenengoa: bertsoa gazteleraz pentsatu, bertsoa euskaraz bota eta itzulpenean gazteleraz pentsatutakoa bota. Bigarrena: euskaraz pentsatu, abestu eta gero itzuli. Eta azkenekoa zuzenean gazteleraz egitea. Hiru estrategia hauen bilakaera bideo batzuen bidez azaldu zigun. Hainbat herrietatik ibili ziren inprobisatzaile guztien arten uneoro elkar trukean aritu ziren. Jardunaldi hauetan garrantzi handia eman zioten gazte eta helduen arteko erlazioari. Mirenek azaldu zuenaren arabera, hasieran genero kontuarekin ez zeuden oso gustura, eta hori itzulikatzen saiatu ziren. Beste herrialdeekin harremanak egin zituzten, baina gehien bat Puerto Ricorekin lortu zuten afinitatea, beharbada Puerto Rico Euskal Herriarekin batera jardunaldietako ordezkarietan estaturik gabeko herri bakarra zelako.

Egonaldian, besteak beste, inprobisazio kantatua bizitzeko mila modu daudela konturatu ziren, eta denek elkar ulertzen zutela arazo handirik gabe. Itzulerakoan, bidaiari buruzko gogoetak egiterakoan konturatu ziren bertsolaritzatik gauza asko ditugula emateko, baina baita ere jasotzeko. Haien ustez baliteke inprobisazioaren etorkizuna elkarlotuta egotea; eta egokitu beharra dagoela egoera berrietara egokitzen. Elkartrukearen garrantzia azpimarratu zuten, horrela pertsonak aberastez gain, erakundeak ere aberasten direlako.

Miren Artetxeren ondotik Iñaki Muruak hartu zuen hitza eta Mexikoren besotan deituriko hitzaldia eman zuen. Aitortu zigun oso esperientzia polita izan zela eta laukotearen garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere bi bertsolariekin batera Blanca Lopez eta Esti Alberdi joan ziren, hauek biak grabaketa, gai-jartze, harremanak eta beste lan batzuk egin zituzten. Iñakik babes handia sentitu zuen Mexikon. Baina kezkatuta itzuli da tradizioaren kontuarekin. Konturatu da hango gazte askok ez dutela tradizioa ondo ezagutzen, eta horren eraginez, gazteek ez dutela inprobisatzen, seguru aski kanpoko kultura eta bertako transmisio etenaren eraginez. Bertsozale Elkartearen eta bertsolaritzaren garrantzia aipatuz bukatu zuen Iñakik: urrunago joanez eta beste herrialdeetakoekin konparatuz Elkartearen lana zenbaterainokoa den nabarmenago ikusten baita. Bertsozale Elkarteko lehendakari izatea luxu bat dela eta harro sentitzeko arrazoia dela aipatu zuen.

Azkeneko txanpan, mahai ingurua izan zen Mexikon izan ziren laurek parte hartu zuten. Bestelako gogoeta, xehetasun eta gertakizunak azaldu zituzten. Horrela bukatu zen saioa.

Antolatzaileek hurrengo hitzordua gogoratu zuten, azaroaren 6an izango dena. Bertan izango dira Manex Agirrezabal eta Jesus Larrañaga. Bi ikerlariek Bertsolari Txapelketa Nagusia ikertu dute eta beren ikerketen emaitzaren berri emango digute, Mintzolan, arratsaldeko 7etatik goiti.

Hitzaldiak ikusgai daude bertsoa.com atarian.