Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2013/11/07

Bertsolaritza ikertzen. Azaroak 6ko hitzaldiak: Manex Agirrezabal, Bertol Arrieta eta Jexux Larrañaga

Mintzolak antolatutako Munduko kantu inprobisatuaren jardunaldien hirugarren saioa izan zen azaroaren 6an. Bi hitzaldi izan ziren; lehen hitzaldia Manex Agirrezabalek eta Bertol Arrietak eman zuten, Bertsozale Elkarteak antolatu Bertsolari Txapelketa Nagusien hainbat datu eman zizkiguten bi informatikariek. Bigarren hitzaldia, berriz, Jexux Larrañagak eman zuen, antropologian egindako tesi doktoralaren mamia azaldu zuen. Laxaro Azkunek egin zituen hizlarien aurkezpena eta mahai inguruaren kudeaketa, dotore egin ere.

1986-2009 urteen arteko Txapelketa Nagusien azterketa izan zen Bertol Arrieta eta Manex Agirrezabalen hitzaldiaren izenburua. Hitza lehena hartzen Bertol Arrieta izan zen, EHUko IXA taldekoak zirela esanez, aurten 25. urteurrena bete duen ikerketa taldea. IXA taldearen azalpen labur bat eman zuen, besteak beste, bertsolaritza eta informatikari buruzko egin dituzten hainbat proiekturen berri emateko: Bertsotarako Arbel Digitala, laster mugikorretarako egongo dena; Apaloapala: Txapelketetako bertsoen bilaketa semantikoa egiteko balio duen aplikazioa; eta Bertsobot, bertso sorkuntza automatikoa egiten duen robota, bi doktore tesiren batuketaren emaitza izango dena. Horretan Mintzolarekin eta Bertsozale Elkartearekin ari dira elkarlanean. Hala ere, ikerketa bidean lehen urratsak baino ez dituzte eman momentuz. Ikerketa horiek guziak egiteko Xenpelar Dokumentazio Zentroaren garrantzia behin baino gehiagotan nabarmendu zuten informatikariek.

Ondoren Manexek jarraitu zuen hitzaldiarekin eta ikerketaren nondik norakoak azaldu zituen. 1986 eta 2009 arteko Txapelketetako bertsoen hainbat datu aztertu dituzte. Esaterako, Errima aztertzean konturatu dira Txapelketa denetan erabilienak ER(BGD)A, EN(M)A  eta ELA izan direla. ELA izan zen 2009an gehien erabili zena. Neurriari buruz esan zuten bakarkako gaietan neurri bereziak aukeratzeko joera dagoela: 10eko handia gero eta gutxiago erabiltzen da eta 8ko handia desagertu da bakarkako lanetan. Egindako azterketaren arabera, beraien ondoriotako bat da, bertsoaren hitzen %75 ulertzeko nahikoa dela euskarazko 500 hitz erabilienak ulertzearekin. Kategoria morfosintatikoari dagokionez, haien ikerketaren arabera esan daiteke izenak eta aditzak direla erabilienak; adjektiboak gero eta gutxiago erabiltzeko joera dago. Txapelketetako bertsoen hizkuntza azterturik ateratako beste ondorio aipagarri bat da, euskara batuak gero eta leku gehiago hartu duela.

Bukatze aldera, Txapelketa Nagusien azterketa honen erabilgarritasuna azaldu zuten, esanez hau guztia, arestian aipatu Bertsobot-ean txertatuko dutela. Agurtu aurretik Arbel Digitalaren demostrazio praktiko bat egin zuten.

Bikote honen ondoren Jexux Larrañagaren txanda izan zen. Jolas Sakona: txapelketaren prozesu errituala eta bertsolariaren arrazoi sortzailea XXI. mendeko agoran deitutako hitzaldia eman zuen. Larrañagaren ustez Txapelketa Nagusiak mikrokosmos kultural bat adierazten du. Beraz,  Txapelketa ikertzean kultura ere ikertzen dela azaldu zuen, Txapelketa taldearen ispilua delako eta gizartean horixe islatzen delako. Ondoren Txapelketaren sinbolismoaren esanahia azaldu zuen, horren garrantzia azpimarratuz, honetan sakontzen duelako bere tesia. Azaldu zuenaren arabera, sinbolismoak emozioen esparrua aintzat hartzen du, bere hitzaldia frogatzeko Zulaika, Sarasua eta Lujanbioren zitetan oinarritu zen. Esan zigun bezala Txapelketa paradoxa baten barruan dago; jokoa eta jolasaren artean. Bere ustez Txapelketa soilik jokoa balitz esparru handi bat kanpoan geratuko litzateke. Horregatik jokoa esparru kultural baten barruan kokatu behar da. Larrañagaren ustez, lehia honek onurak eta kalteak ekartzen ditu.

Paradoxaren kontuarekin jarraituz esan zuen Txapelketa jokoaren azalarekin gizarteratzen dela, baina honen esanahia harago doala; eta hori ulertzeko jolasaren esparruan kokatu behar dela: Txapelketan lehena izatea ez da garrantzitsuena, funtsean jolasa delako.

Larrañagak bere ondorioak azaldu ondoren, mahai-inguruaren tartea izan zen. Hurbildu ziren 23 entzuleek zein ikerlariek galderak egin edo iritziak emateko aukera eduki zuten.

Hitzaldiak osorik: hemen.

Hurrengo hitzaldiak abenduaren 11, 12 eta 13an izango dira, ondoko estekan xehetasunak:

http://www.mintzola.com/munduko-kantu-inprobisatua/kulturarteko-jardunaldiak