Bertsolaritza ikertzeko kontratu deialdia zabalik
Gaur egin da aurkezpena Villabonako Subijana Etxean. Bertan izan dira
Iñaki Murua Bertsozale Elkartetik, Jesus Mari Makazaga EHUko Euskara eta Ikerkuntza
Errektoreordetzetatik, Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedratik eta
Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldunditik. Iñaki Muruak azaldu duenez,
"lehenengo aldia da bertsolaritzari buruzko doktorego tesia emateko gai
garena". Bertsozale Elkartearen Ikerkuntza Planean ageri diren
ikergaietan oinarritu beharko du tesia egiten duen ikerlariak. Ikerketa
Ekintza Parte-Hartzailearen bidez eta urtebeteko prozesu baten ondoren
osatu zen Ikerkuntza Plana, eta bertsolaritzaren inguruan dabiltzan 100
eragile eta aditu baino gehiagok hartu zuten parte prozesuan. Aurtengo
deialdirako lau iker-lerro proposatu dituzte:
-Bertsozaletzeko
arrazoiak eta mekanismoak ikertu adin ezberdinetan eta tokian tokiko
ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuz
-Herrialdeko BEren
eskutik hezkuntza arautuan, bertso-eskoletan eta aisialdian egiten den
lanaren metodologiaren eta emaitzen azterketa
-Bertsolaritzaren transmisio modu guztien azterketa: formala, ez-formala eta informala
-Bertsolaritzaren transmisioak hezkuntzako zein gizarteko esparru ugaritan egin dezakeen onura eta ekarpena aztertzea
Kontratu deialdiari buruzko informazioa osoa hemen topatuko duzu.
Prentsaurrekoan hartutako irudiak bertsoa.com atarian daude ikusgai.