Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bertsolaritza ikergai, gaur, Mintzolaren egoitzan

Ane Labakak, Beñat Krolemek, Itziar Navarrok eta Jon Martinek beren ikerketak aurkeztuko dituzte 18:30etik aurrera Amasa-Villabonako Subijana etxean. Gainera, saioaren ostean "Oholtza" emanaldia eskainiko da. Sarrera doakoa da.

Bertsolaritza ardatz duten zenbait ikerketa ezagutzeko parada izango dugu, Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak antolatutako hitzorduari esker. Gaur izango da lau hitzaldiz eta bertso emanaldi berezi batez osatutako saioa, Mintzolaren egoitza den Amasa-Villabonako Subijana etxean. 18:30ean hasiko da eta sarrera doakoa da.

Bertsolaritza ikergai 2017

Ane Labakak, Beñat Krolemek, Itziar Navarrok eta Jon Martinek aurkeztuko dituzte beren ikergaiak. Labakak eta Navarrok Mintzolak eta Laboa Katedrak esleitutako ikerketa proiektu sari bana eskuratu zituzten iaz: hari esker, Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik lana garatu du lehenak eta Navarrok Bertsolarien kantaeraren bilakaera denboran zehar. Oiartzungo kasua lana bideratu du. Bestalde, Beñat Krolemek eta Jon Martinek doktore tesi bana dute esku artean: Oholtza. Ahozko inprobisazioan zeharkako ibilbidea: irudia eta hitza eta Xabier Leteren bertso, olerki eta kanten analisia ari dira lantzen, hurrenez hurren.

Aurkezpenen ondotik, bertso emanaldi berezia izango da; Beñat Krolemek bere ikerketaren parte den Oholtza performancea gauzatuko du, hain zuzen. Irudiaren lanketa egingo du berak, Jon Martin eta Ane Labaka bertsotan direla.

Sarrera doakoa izango da eta interesa duen bertsozale, ikertzaile zein herritarrentzat zabalik dira Mintzolako ateak. Anima zaitezte!

Egitaraua:

18:30 Aurkezpena

18:35 Hitzaldiak (20 minutu izango du bakoitzak bere lana aurkezteko):

  • Itziar Navarro, Bertsolarien kantaeraren bilakaera denboran zehar. Oiartzungo kasua
  • Ane Labaka, Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik
  • Jon Martin, Xabier Leteren bertso, olerki eta kanten analisia
  • Beñat Krolem, OHOLTZA: ahozko inprobisazioan zeharkako ibilbidea: irudia eta hitza

20:00 Galderak / Atsedenaldia

20:10 Beñat Krolemen OHOLTZA performancea. Kuboak baliatuz, irudiaren lanketa egingo du Krolemek, Ane Labaka eta Jon Martin bertsotan direla.