Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/06/07

Bertsolaritza eta Marokoko ayllus kantu inprobisatua elkar hartuta

Datorren astelehenean emanaldia eskainiko dute Maialen Lujanbiok eta Latifa Laaroussiak Iruñeko Kondestable Jauregian. Mahai-ingurua gauzatuko da ondoren bi sortzaileekin eta gaian aditu diren ikertzaileekin.

Euskaraz eta arabieraz egiten diren ahozko bat-bateko tradizioek bat egingo dute datorren ekainaren 11n Iruñeko Kondestable Jauregian. Maialen Lujanbio bertsolariak eta Latifa Laaroussia ayllus deritzon adierazpideko inprobisatzaileak emanaldia eskainiko dute, 19:00etatik aurrera. Jarraian gauzatuko den mahai-inguruan hartuko dute parte biek, gaian aditu diren ikertzaileekin batera: Euskal Herriko Unibertsitateko Asier Barandiaranek emango ditu azalpenak bertsolaritzari dagokionez eta ayllus kantu inprobisatuari buruzkoak Nafarroako Unibertsitateko Sarali Ginstburg ikertzaileak eskainiko ditu. Itzulpen zerbitzua izango da, arabiera-gaztelera eta euskara-gaztelera.

Emanaldia Nafarroako Unibertsitateko Kultura eta Gizarte Institutuak antolatu du, Mintzola Ahozko Lantegiarekin elkarlanean. Iruñeko Udalak eta unibertsitate bereko Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedrak ere lagundu dute ekimena. Unibertsitateko Kultura eta Gizarte Institutuaren ORFORCREA proiektuaren baitan kokatu da ekitaldia: ahozko sorkuntza aztertzen ari den Sarali Gintsburg ikertzaile errusiarra ari da egitasmoa gauzatzen, Europar Batasunean esleitzen den Marie Curie bekari esker.

Egungo bertsolari txapelduna Latifa Laaroussiarekin ariko da kantuan. Marokoko Chefchauen herrian jaio zen Laaroussia. Umetatik kanturako zaletasuna zuen arren, aitaren debekuaren ondorioz, jendaurrean kantuan egiteko bere ametsa egia bihurtzeko pixka bat itxaron behar izan zuen. Hainbat disko aterata ditu eta Marokoko telebistan ere agertu izan da.