Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bertsolaritza ertz ezberdinetatik behatuz

Mintzola Ahozko Lantegiak hamar urte bete ditu aurten. Urteurren biribilak ez ezik urte amaierak ere aproposak izaten dira atzera begirakoa egiteko, eta, besteak beste, bertsolaritzaren ikerketan bide oparoa egin dela azpimarra daiteke.

"Oinarri bat jarri dugula esan daiteke, bertsolaritzaz horrenbeste ez baita sekula ikertu". Hala aipatu zuen Beñat Gaztelumendi Mintzola Ahozko Lantegiko ordezkariak azaroaren 15ean gauzatutako saioaren atarian. Amasa-Villabonako Subijana etxean Mintzola Mintegia izenarekin bataiatutako hitzaldi sorta eskaini zen eta, ondotik, baita horietako ikerketa bati loturiko bertso saioa ere.

"Generotik aztertu da bertsolaritza, ahozkotasunetik, prosodia, hedabideak...eta, aurrera begira, zer? ikerketa hauen gizarteratzean eta aplikazioan egingo dugu ahalegina", gehitu zuen Gaztelumendik atzetik zein aurretik dugun bideari erreferentzia eginez.

2018-11-15 Amasa-Villabonan

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean

"Ane Labaka, Jone Miren Hernandez, Nerea Elustondo eta beste zenbait genero perspektibatik aritu dira; bertsolaritza eta hizkuntza biziberritzearen inguruko loturak aztertzen aritu dira Miren Artetxe eta Manex Agirre; Xabier Leteren bertso eta poesiagintzaren inguruko loturak aztertzen ari da Jon Martin; bertsolaritza eta irudigintzaren inguruko ikerketan dihardu Beñat Romerak..." ikerketan kopuruak zer nolako neurria duen erakusteko adibideak baino ez dira hauek.

Unibertsitateekin harremana lantzen aritzen da Mintzola Ahozko Lantegia etengabe, bertsolaritza ikerketa eremuan errotzeko; horien artean nabarmentzekoa da UPV/EHUko Laboa Katedrarekin duen elkarlana. 2013an abiatu genuen ikerketa kontratuak esleitzeko bidea elkarrekin eta, geroago, baita proiektu sariak banatzekoa ere. Bide aberasgarria izan da eta hortik etorri dira ikerketetako asko. Egun, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendaria den Jone Miren Hernandez ere izan zen Mintzola Mintegian, eta gustura agertu zen elkarrekin egindako bidearekin.

Hain zuzen, azken proiektu sarien deialdian sarituak izan ziren Ane Labaka eta Beñat Muguruza, eta beren lanen azalpen laburra eskaini ziguten azaroaren 15eko hitzorduan. Ane Labakak aurrez egina zuen umore-sistemaren eta genero-sistemaren inguruko lana osatzeko baliatu du 2017ko txapelketan egindako behaketa; han azaldutako marko teorikoa aplikatu du txapelketara. Elkarrizketak egin dizkie bertsolariei eta behaketarekin eta haiek esandakotik atera ditu ondorioak: "aipatzen zidaten, plazan umorez sortzen ari zarenean, jolasetik egiten dela eta txapelketan performatu/antzeztu egiten dela". Beñat Muguruzak ere txapelketetan jarri du arreta baina hitanoaren erabilera aztertzeko. Txapelketan duen erabilera urria aztertzeko arrazoi mota ezberdinak identifikatu ditu baina hitanoak ematen dituen baliabideak ere aipatzen ditu: "goxotasuna edo gertutasuna iradoki dezake; freskotasuna ere bai; eta zenbait kasutan, egokitutako rolaren arabera, baita sinesgarritasuna ere". Mintzola Mintegian, gainera, hitanoaren erabilerari lotuta, noka eta toka aritu ziren bertsotan Agin Laburu eta Eli Pagola.

2018-11-15, Amasa-VillabonaMINTZOLA MINTEGIA

Ikertzaileen aholkulari

Aipatutako ikerketa deialdiek, bestalde, beste ikerketa batzuk ere eragin dituzte. Lehendik ere baziren bertsolaritza ikertzen zutenak, bai, baina bertsolaritza ikergai modura ikustarazten lagundu dute deialdiok, ikerketa kopurua hazten eta, aldi berean, askotarikoak eragiten. Bertsolaritza ertz ezberdinetatik aztertzen dela esaten dugunean, adibide garbia da, esate baterako, BCBL erakundeak (Basque Center on Cognition, Brain and Language) bere garaian zientziaren ikuspuntutik egindakoa.

Honelako ikerketetan Mintzola Ahozko Lantegiak, Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin batera, aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie ikertzaileei. Hala izan da Antxoka Agirre kazetariaren eta Luzia Alberro Deustuko Unibertsitateko irakaslearen lanen kasua, adibidez. Antxoka Agirrek bertsolaritzaren eta bereziki txapelketen estaldura mediatikoa aztertu du, baita historikoki bertsolaritzak hedabideetan izan duen presentzia ere. Datu bitxiak topatu ere bai: "Pello Errotaren bertso-saio baten kronika egin zen 1882an". Luzia Alberrok identitate kolektiboa izan du interesgune eta hori aztertzeko bidea eman diote 1830-1936 urte bitartean behatutako bertso-paperek: "identitate kolektiboa nola aldatzen den ikertu nahi izan dut, baldintza ekonomiko, politiko eta sozialak aldatzen direnean". Begia Gipuzkoako aldaketetan jarrita, sei bertsolari hautatu ditu ikertzaileak: "bakoitzaren ezaugarri ezberdinengatik aukeratu ditut Xenpelarren, Bilintxen, Pello Errotaren, Otañoren, Txirritaren eta Lopetegiren bertsoak". Ikerlanak pixka bat gehiago ezagutzeko aukera izan zen azaroaren 15eko hitzorduan.

Harkaitz Zubirik beste zenbait lankiderekin elkarlanean gauzatutako Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikotik eratorritako Postdodoismoa bertsolaritzan. Kultura sortzeko eredu eraginkorrago baten bila lanaren nondik norakoak ere jakin genituen. Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bitartez bideratu eta UPV/EHUrekin egindako ikerketa da Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa; hain zuzen, Durangoko Azokan aletu genituen emaitzetako batzuk. "Euskaraz egiten den kulturan, bertsolaritzaren kontsumo-ohiturak leku handia dauka" aipatu zuen Zubirik eta proiektu soziokulturalak indartsu mantentzeko sozializazio guneek izan duten garrantzia aipatu zuen: "sozializazio guneak funtsezkoak dira, eta haietan sortzen diren bizipenek eusten diote zaletasunari".

Ikertegia bizi-bizi daukagu.

Erlazionatutako elementuak
Abian dauden ikerketak