Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bertsolaritza dodoa izan ez dadin

Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa egin da hirugarren aldiz, eta azterketan lanean aritu den Harkaitz Zubiri ikertzaileak emaitzetako batzuk aletu zituen Durangoko Azokan egindako solasaldian.

“Dodoa Maurizio irletan bizi zen. Animalia oso handia zen; ez zekien hegan baina mokoarekin beste inork ez bezala zabaltzen zituen kokoak. Gizonezko zuria irletan sartzearekin, desagertu egin zen. Ez ehizatua izan zelako; baizik eta ekosistema asko aldatu eta ez zelako egokitu”.

Bertsolaritza ere animalia bakan samarra dugu. Bere jatorrizko ekosistema desagertu zen, baina jakin du garaian garaira egokitzen; oraingoz, behinik behin. Horren osasuntsu zergatik ote dagoen ezagutzeko eta osasun horri aldizkako azterketa egiteko, Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa gauzatu da hirugarren aldiz. Emaitzetako batzuk aletu zituen Harkaitz Zubiri ikertzaileak, Durangoko Azokaren baitan abenduaren 8an egindako Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz solasean hitzorduan. Zubirik aurkeztutako emaitzen inguruan aritu ziren gerora iruzkinak egiten Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kideak, Jone Miren Hernandez UPV/EHUko ikertzaileak gidatuta.

2018-12-08, Durango

90eko hamarkadan egin zen lehen aldiz jite honetako lehen ikerketa; 2005-2007 urte bitartean, bigarrena; eta, hirugarrena, 2015 eta 2018 urte bitartean egin da. Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bitartez bideratu du ikerketa, eta lanean aritu dira Xabier Aierdi, Alfredo Retortillo eta Harkaitz Zubiri bera, galdetegiak egin dituen boluntario talde handi batekin. Ikerketa gauzatzeko plaza arruntetan zein 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian inkestak egin dira –1.300 baino gehiago- eta elkarrizketa sakonagoa ere egin zaio lagin txikiago bati.

(Bertsolaritzak) Munduari begiratzeko modu bat eraikitzen du, aukera leihoak baliatu, bitartekoak eragin eta jendea mugiarazi

“Bertsolaritzaren ikerketa egitea eskatu zigutenean, oso fenomeno arraroa ikertzea eskatu ziguten. 14.000 lagun elkartzen dira BECen a capella 8 lagun entzutera eta kultur sorkuntza mota honetan hori ez da oso ohikoa. Ikertzaile bezala oso interesgarria da hori aztertzea nola den posible”, azaldu zuen Harkaitz Zubirik. Deigarria da gainera baina ohiko saioetara joaten den %10a baino ez da biltzen Txapelketa Nagusiko finalean: “bertsolari kopurua hirukoiztu egin da eta bertso saioena laukoiztu. 90eko hamarkadan egon zen boom bat eta esan dezakegu bigarren boom batean gaudela orain; seguraski, inoiz baino jarraitzaile gehiago ditu egun bertsolaritzak”. Baina zergatik?

Kultur “kontsumoa”, bizipenekin aberastuz

Kultur sorkuntza kanal hegemonikoetan ez dabilenean ikusezina da, txikia; sortzaile onak ere izan ditzake, baina ez da nahikoa. Bertsolaritzak, ordea, gizarte mugimendu forma hartzen du, proiektu soziokulturala du: talde bat batzen du eta espazioak sortzen ditu kultur adierazpide hori haz dadin. “Munduari begiratzeko modu bat eraikitzen du, aukera leihoak baliatu, bitartekoak eragin eta jendea mugiarazi”, azaldu zuen Zubirik.

Horretan garrantzitsuena sozializazio guneak sortzeko duen gaitasuna dela nabarmendu zuen; gune horietako bat lirateke bertso eskolak, adibidez. “Kultura "kontsumitu" esaten dugu. Baina pentsatu behar dugu “kontsumitzen” dugun momentu horietan beste gauza asko gertatzen direla aldi berean: norbaitekin komentatzen dugu, paseatu, zerbait hartu,… bizipen batzuk ekoizten ari gara. Sozializazio guneak biografiak gurutzatzen diren espazioak dira eta sortzen ditugunean, kultur kontsumo hori bizipenekin ikaragarri aberasten dugu”.

Elkar elikatzen diren munduak

Sozializazio guneez gainera, beste kontzeptu bat ere txertatu du ikerketak gure hiztegietan: artikulazioa. Elkar ukitzen ez duten bi munduk elkar ukitzen dutenean gertatzen da hori eta, ondorioz, elkar elikatu eta aberasten direnean. “Bertsolaritza neoklasikoa eta rocka elkartu zirenekoa izan daiteke kontatzeko adibide errazena”, aipatu zuen Zubirik eta azterketak emandakoarekin hurrengo artikulazio esanguratsuena ere aurreikusi zuen: “seguraski emakumeen posizioa bertsolaritzan; hor gertatzen denaren araberakoa izango da bertsolaritzaren etorkizun hurbil edo ertaineko osasuna”.

Seguraski emakumeen posizioa bertsolaritzan; hor gertatzen denaren araberakoa izango da bertsolaritzaren etorkizun hurbil edo ertaineko osasuna

Nerabezarora arte neska-mutilen arteko kopuruak antzekoak dira, parte-hartze zein merituari dagokionez; baina hortik aurrera asko aldentzen dira kopuruak bertsolari aktiboei dagokionez. “Hor bilakaera bat gertatu da, eta seguraski proiektu soziokulturalaren ekarpenak zerikusi handia izan du horretan: emakumeen presentzia eta partaidetza asko handitu da, baina egia da azken urteotan itxuraz geratuta dagoela dirudiela”. Horretarako ikerketan ateratako arrazoi kuantitatiboez harago, elkarrizketek ikusarazitako arrazoi kualitatiboak ere plazaratu zituen Zubirik.

Gero eta gehiago, fidatzekoa ez den publikoa

Emakumearen presentziaren inguruan zaleek uste dutena ere laburbildu zuen Zubirik: “orokortzen ari naiz baina publikoan dauden emakumeen kasuan beraiek entzun nahiko luketenetik oso urrun dago oholtzan ari den emakume kopurua”; aitzitik, gizonezkoen gustuak bilakaera txikiagoa izan du zentzu horretan: “jende askok uste du problemarik ez dagoela eta ez dela ezer egin behar”.

Gizarte mugimenduek aukera izango dute bigarren bizitza bat lortzeko, baina horretarako aldatu egin behar dute

Beste hainbat ezaugarri ere xehatu ditu ikertak. Publikoaren erdia edo gehiago emakumezkoa da, adinez oso anitza eta parametro politikoetan ezker moderatua nagusitzen den arren, bestelako joerak ere oso presente daudela azaldu zuen Zubirik: “Noiz zaletzen da jendea? Inguru hurbilean batzuk baina beste nolabait jende asko. Proiektu soziokulturalik ez badaukazu, ahaztu beste horietaz, ez dira zaletuko” eta gehitu zuen “hainbat elkarrizketa egin ditugu eta batek zioen gero eta gehiago dagoela fidatzekoa ez den publikoa; eta jende gehiena da horrelakoa. Bertso saioetara joatea gustuko duen horrek, bideo jokoak, zinea eta beste gustatzen zaizkio. Bere bizitza kulturala ez da bertsolaritzara soilik mugatzen”.

Zalegoa eta testuingurua, azken finean, gizartea eraldatzen den neurrian, garaian garaikora egokitzea da bidea, biziraun bakarrik ez eta osasuntsu ere bizi nahi bada. “Gizarte mugimenduak jaio egiten dira, hazi, heldu, zahartu eta hil. Gizarte mugimenduek aukera izango dute bigarren bizitza bat lortzeko, baina horretarako aldatu egin behar dute”, amaitu du Zubirik. Bertsolaritza dodoa izan ez dadin.

Jarraian egin zen solasaldiak eman zuena, hemen.