Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/08/24

Eremu zabala esploratzeko

Bertsolarien kantaera izan dugu aztergai gaur UPV/EHU Uda Ikastaroetan. Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio izan dira hizlari Miramar Jauregian gauzatutako eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako jardunaldian.

Goizeko bederatziak pasatxo ekin diogu Bertsolarien kantaera eta sormena ikastaroari gaur Miramar Jauregian, UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan. Bi eguneko eskola izaki, gaur kantaera izan da aztergai, Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbioren eskutik.

Karlos Aizpurua ikastaroaren zuzendariak harrera eginda, Ainhoa Aizpuruak abiatu du gaurko hitzaldi katea. Bertsolaritzaren prosodiaren inguruko doktoretza tesia garatzen ari da Aizpurua, Mikel Laboa Katedrak esleitutako kontratuaren bidez. Gure hizkuntzaren berezko ezaugarrietatik abiatuta, horiek bertsoaren egiturara nola doitzen diren eta duten elkarreragina azaldu du, beti ere prosodiaren alderditik, hau da, fonologiari dagozkion tonu eta azentuaren ikuspuntutik. Ildo beretik, baina kantaera modu zabalagoan ulertuta, eta Oiartzungo eremu geografikoa eta haren bilakaera erdigune hartuta osatu du Itziar Navarrok bere azterketa. Master amaierako ikerketa egin du berak Mintzolak eta Laboa Katedraren eskutik lortutako ikerketa sariari esker. Bertsolari bakoitzak bere kantaera propioa duela eta horretan testuinguruak ere zerikusia duela aipatu du; hala, garai ezberdinetako Oiartzungo bertsoak aztertu ditu eta kantaeraren bilakaeran zerikusia izan duten gakoak aipatu; sekularizazioa eta baserriko bizimoduaren galera, lurralde ezberdinetako bertsolariak plaza berean biltzea, eta bertsoek eta testuinguruak jasaten duten transformazioa hedabideetan plazaratzean, besteak beste.

Atsedenaren ostean, Maialen Lujanbiok hartu du hitza. Aizpuruak eta Navarrok egindako irakurketa zientifikoari, bertsolariaren talaiatik egindako irakurketa gehitu dio Lujanbiok, "intuitiboki" bertsolariak doinuarekin egiten duen lanketa azalduz. Doinua eta testua bereiziezinak direla azpimarratu du Lujanbiok, doinuak berak testua baduela, esanahia, baduela azalduz:  “gaia Epailearen aurrean zaude bada eta Itziarren semeak doinuarekin hasiz gero, zerbait ari gara esaten, ezta?”. Hala, mamiaren eta azalaren, edukiaren eta estetikaren arteko orekaren alde egin du Lujanbiok. Amaitzeko, isiltasunaren kudeaketa zein eraginkorra den azpimarratu du eta zentzu honetan, bertso musikatuak ariketa interesgarritzat jo arren, haiekin bertsoaren zenbait baliabide galtzen direla, isiltasunaren erabilera baliabide gisa kasu.

Doinuaren hautuan, egokitasuna

Esaten denari bezainbesteko garrantzia eman zaio, gaurko jardunaldian, esateko moduari. Baina, honenbestez, zein da ordena? jarrera baten arabera aukeratzen da doinua edo alderantziz? "Nahasketa bat da" azaldu du Lujanbiok, "plazan gai bat jarriz gero, hari ongi egokitutako doinuak miatzen hasiko zara eta egokiena aukeratuko". Doinu berria erabiltzeak ez du esan nahi halabeharrez gai jakin bat kantatzeko onena denik bere aburuz, eta funtsezkoena egokitasuna dela adierazi du: "Doinu zaharrak berreskuratzea ere bada ahalegin edota ekarpen bat, doinutegi propioa berritzeko modu bat eta altxor handia dugu hor". Kantaera lantzeko gakoa horretan "kontzientzia" izatea dela ere aipatu da. Izan ere, oro har, bertsotarako ikasketa prozesua arrazoian fokalizatu izan da, testuan, eta denek ere bat egin dute Lujanbiorekin doinuei dagokionez "esploratzeko eremu zabala" dagoela esatean. Zentzu horretan, generoaren lanketak kantaeran ere aztertzeko bide berriak eman ditzakeela aipatu dute Aizpuruak eta Navarrok. Horretan oraingoz sakondu ez duten arren, lehen begiradan "ahots erregistro ezberdinak" ekarri dituztela aipatu dute eta "kantaera ezberdinak"; eta horrek era berean, garai batean nagusi zen ahots sendo eta ozenetik ezberdinduz aniztasun handiagoa eragin duela.

Bihar, sormena izango da gai, eta Eñaut Agirre, Oihana Iguaran eta Jon Martin izango dira hizlari.