Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/01/16

Bertsolariak eta euskal ikertzaileak, Elkon

Jone Miren Hernandez, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran Estatu Batuetako jardunaldietan izango dira parte hartzen, Renoko Euskal Ikasketen Zentroaren eskutik eta Mintzola Ahozko Lantegiaren laguntzarekin.

Urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra National Cowboy Poetry Gathering izeneko topaketak gauzatuko dira Elkon, Nevadan, The Western Folklife Centerren eskutik. Topaketa horren baitan antolatu ditu Renoko Euskal Ikasketen Zentroak (Center for Basque Studies) The Role of Women in Basque and American Oral Poetry izeneko jardunaldiak, Mintzola Ahozko Lantegiaren laguntzarekin; Euskal Kultur Erakundearen babesa ere jaso dute. Jardunaldi horietan hartuko dute parte Jone Miren Hernandez ikertzaileak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ikertzaile eta bertsolariek. Topaketetan euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin lotura duten beste zenbait ekintza ere egingo dira: besteak beste, Bertsolari ikus-entzunezkoa eskainiko da.

The Role of Women in Basque and American Oral Poetry jardunaldiak urtarrilaren 29an eta 30ean gauzatuko dira aipatutako topaketen baitan. Aipatutako lau parte hartzaileekin batera hizlari izango dira Joseba Zulaika idazle eta antropologoa eta Carolyn Dufurrena eta Amy Hale Auker poetak.

Jardunaldiak apailatzeko ideia 2016ko uztailean sortu zen, Mintzolak antolatutako Europa bat-batean kulturen arteko topaketan. Aurrerantzean auzolanean segitzeko asmoa dugu Renoko Euskal Ikasketen Zentroak eta Mintzolak, nola kantu inprobisatuaren Kulturartea Maparen egitasmoan hala kantu inprobisatuari buruzko jardunaldi edota argitalpenen sustapenean.

Urtarrilaren 26an ere, hitzaldia eta saioa

RenoShowCase_kartela

Maialen Lujanbiok eta Miren Artetxek jardunaldien aurretik ere beste hitzordu bat izango dute Renon bertan, Nevadako Unibertsitatean. Hango The Jon Bilbao Basque Libraryn, eguerdian, Women Bertsolari: From the first attempts to the current achievements hitzaldia eskainiko du Miren Artetxe bertsolari eta ikertzaileak. Ondoren, 17:00etan, saioa eskainiko du Maialen Lujanbiorekin batera.