Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/10/09

Bertsolariak datoz "Diasporatik…"

Amasa-Villabonako Subijana etxean, Bertsozale Elkartearen eta Mintzola Fundazioaren egoitzan, diasporako bertsolariek eta Euskal Herrian daudenek saioa eskainiko dute asteazkenean 19:00etan.

Diasporako bertsolariak etorriko dira gurera asteazkenean. Lehenik, Bertsozale Elkartea, Mintzola Fundazioa eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa ezagutuko dituzte; San Frantziskoko Euskal Etxeko Frantxua Bidaurreta etorriko da, Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet bertsolariekin batera. EKEko Pantxoa Etxegoien eta Daniel Landart ere hurbilduko dira egoitzara.

Arratsaldean bertso-saioa eskainiko dute disporako bertsolariek eta Euskal Herrian bizi direnek: Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet ariko dira Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin batera, Karlos Aizpurua gai-jartzaile lanetan dela. Subijanan izango da saioa, 19:00etan, eta sarrera doakoa da. Mintzola Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatu dute saioa.

Martin Goicoetchea - Johnny Curutchet

Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet. Iturria: www.euskalkultura.com

Astebeteko egonaldia

Urriaren 12tik 17ra bitarte izango dira hemen Bidaurreta, Goicoetchea eta Curutchet, bertsolaritzaren inguruan egiten diren jarduerak ezagutu eta bertako bertsolari eta eragileekin harremana izanaz.

  • Urriaren 12an, 14:00etan: Euskal Kultur Erakundeko zuzendariaren ongi etorria, eta solasaldia, iparraldeko bertsularitzaz, Daniel Landart eta Beñat Soulérekin.
  • Urriaren 13an, 16:45etik 18:00ak arte, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan: Bertsu-eskolan parte hartzea (Bertsularien Lagunekin). 19:30etan, Larraldea etxean, Bertsularien Lagunak Elkartearen egoitzan, Senperen: Bertsulari filmaren aurkezpena, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariekin. 
  • Urriaren 14an: Bertsozale Elkartearen eta Mintzola Fundazioaren egoitzara bisita.
  • Urriaren 15ean: Baionako Euskal Erakustokiaren bisita eta elkarrizketak 
  • Urriaren 16an, 19:00etan, Uztaritzeko Lapurdi gelan: Euskal emigrazioa : oroitzapena baino gehiago? eztabaida filmatua eta Kanalduderen webgunean zuzenean eskainia. EKEk eta Eusko ikaskuntzak antolaturik. Bertsolariek parte hartuko dute.
  • Urriaren 17an, 18:00etan, Baigorriko Bixentainean: Hernandorena saria. Ondotik, afaria klika-txarangarekin.