Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bertsolamintzaren hurrengo saioa, ostegunean

Amets Arzallus eta Miren Artetxe izango dira bigarren hitzordu honetako hizlariak. Sarrera doakoa da, baina izena eman beharko da ostegun eguerdia baino lehen.

Bertsolamintza 2019_KARTELA. Maiatzak 16Senpereko Larraldea etxean, Bertsularien Lagunak elkartearen egoitzan, izango da Bertsolamintza jardunaldien bigarren saioa. Ostegunean izango da, 18:30ean hasita: Zeri kantatzen diogu eta zeri kantatu nahiko genioke? Zein da gaur egungo errealitatea? hitzaldia eskainiko du Amets Arzallusek; eta Hizkuntza ideologiak bertsolaritzan, Miren Artetxek. Bi hitzaldien ondotik, Xumai Muruak gidatuta, solasaldian murgilduko dira bi hizlariak zein saiora agertutakoak.

Sarrera doakoa da, baina izena eman behar da atari honetan bertan atondutako izen-emate orrian, osteguneko 12:00ak baino lehen.

Bertsolamintza bertsolaritzari buruzko jardunaldiak dira, eta, batez ere, bertsogintzari begirako gaiak jorratzen dira. Iruñean ekin genien jardunaldiei, Saioa Alkaizak gidatutako saioarekin eta Sustrai Colinak eta Amaia Agirrek eskainitako hitzaldiekin. Oraindik ere izango dira hitzorduak; programazio erakargarria osatu dugu, beraz, ikusi hemen, eta eman izena!