Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2014/07/04

Bertsoa Unibertsitatean eskola hasiko da astelehenean EHUko Udako Ikastaroetan

Bertsoa Unibertsitatean izeneko egitasmoa jarriko da martxan astelehenean EHUko Udako ikastaroen barruan. Bost egunez bertsolaritzarekin lotutako hiru ikastaro egingo dira, hitzaldi, mahai-inguru eta performancez osatuta. EHUko Udako Ikastaroek eta Mintzola Fundazioak antolatutako ekimena da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.

Hiru ikastaro izango dira astelehenetik ostiralera eskainiko direnak: “Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan”, “Bertsolaritza eta beste sorbideak” eta “Bertsolaritza eta gaurko gizartean”.  Karlos Aizpuruak zuzenduko du lehena, Beñat Gaztelumendik bigarrena eta Arkaitz Goikoetxeak hirugarrena.

“Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan” ikastaroa astelehenetik asteazkenera luzatuko da. Erika Lagoma, Estibalitz Alberdi, Amaia Agirre, Juan Kruz Igerabide, Pello Añorga, Ainara Gurrutxaga, Iñaki Murua, Ainhoa Agirreazaldegi eta Jone Miren Hernandez izango dira hizlariak.

Uztailaren 10ean “Bertsolaritza eta beste sorbideak” ikastaroa egingo da, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Andoni Egañaren parte-hartzeaz. Ikastaro honi amaiaera emateko “Gai edozertarako” performancea egingo da ostegunean 19etan Miramar Jauregian. Bertso saio esperimentalerako sarrera librea da, baina aforoa mugatua denez, aurrez gonbidapena eskuratu behar da (00 34) 943 694129 telefono zenbakian.

Azkenik, hilaren 11n “Bertsolaritza eta gaurko gizartea” ikastaroa egingo da. Xabier Aierdi, Jon Sarasua eta Miren Artetxek hartuko dute parte aurtengo Bertsoa Unibertsitatean eskolari amaiera emango dion ikastaroan.