Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/04/22

Bertsoa Unibertsitatean eskola aurkeztuko da ostiralean

Mintzola Fundazioaren egoitzan egingo da agerraldia 11:00etan, eta ikastaroaren informazio zehatza eskainiko da.

Mintzola Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean antolatu dute bigarren aldiz Bertsoa Unibertsitatean eskola, Udako Ikastaroen baitan. Hala, ahozkotasunari eta bertsogintzari tartea egingo zaio udan eskaintzen den ikastaro sortan.

Ostiralean, 11:00etan, eskola honen gaineko informazio zabala eskainiko da Amasa-Villabonan Mintzola Fundazioaren egoitzan burutuko den prentsaurrekoan. Eskola honen nondik norakoak azalduko dituzte antolatzaile lanetan aritu diren Mintzola Fundazioko eta EHUko Udako ikastaroetako kideek, eta baita ekimena babesten duen Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere: Beñat Gaztelumendi Mintzola Fundazioko patronatu kidea, Carmen Agoués EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaria izango dira agerraldian, hain zuzen.

Egun berean, apirilaren 24an, amaituko da EHUko Uda Ikastaroetarako beka eskatzeko epea, eta maiatzaren 4an hasita izango da matrikulatzeko aukera. Ekainaren 1etik aurrera, matrikula %20 gehiago ordaindu beharko da.