Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2016/01/12

Bertso-paperak modernizazio prozesuaren ikerketarako oinarri

Xenpelar, Bilintx, Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Txirrita eta Joxe Mari Lopetegiren bertso-paperak iturri hartuz, herri xeheak Gipuzkoan 1830-1936 urteetan nozitutako aldaketak nola bizi izan zituen ikertu du Luzia Alberro historialariak.

Luzia Alberro Goikoetxea (Donostia, 1975) historialariaren bisita jaso dugu Mintzola Ahozko Lantegian. Deustuko Unibertsitateko irakaslea da eta sei bertsolariren bertso-paperak oinarri hartuz gauzatu duen doktore tesia defendatu berri du: Bertsolarien ahoz. Modernizazio prozesua eta identitate bideak. Gipuzkoa 1830-1936. Sarean da tesia interesa duen ororentzat eskuragai.

Interes autobiografikoak bultzatuta, herri xehean oinarrituz, gizabanakook aldaketak nola bizi ditugun eta gorabeherei zentzua nola ematen diegun ikertu nahi izan du. Herri xehearen bizipenetara gerturatzeko bertsoak baliatu ditu, eta begia, batez ere, aldaketa prozesuan jarri du.

Identitatea aztertu nahi zuen eta lanean ari zela jabetu da bertsolari guztiengan ezberdin eragin zuela modernizazioak. Hori ikusirik, bertso-paperak iturri hartuta, identitatea modernizazio prozesuari lotuta aztertu du. Sei bertsolari hauek hautatu ditu:

Bertsolari ezberdinenak izan zitezkeen, baina, hainbat arrazoirengatik hautatu ditu sei hauek: beraiei buruzko biografiak eta lan ezberdinak eginda daudelako eta ikerketarako beraiek sortutako bertso ugari daudelako. Gainera, elementu askotan anitzak ziren hautatutako bertsolariak: bizitoki ezberdinak, ofizio ezberdinak, ideologia politiko ezberdinak… zituzten eta begirada anitza eskaintzen dute.

Guztira sei bertsolari hauen 526 konposizio aztertu ditu eta ikerketa lana oso aberasgarria gertatu zaiola dio; modernizazio prozesuaren konplexutasunaz jabetzeko baliagarria izan dela. Aztertutako epean aldaketa handiak nozitu ziren, alor ekonomikoaz gain, emakume eta gizonen irudian, gizartea antolatzeko moduan eta identitatearen agerpenean eta irakurketa horiek egiteko baliagarria izan da sei bertsolarien ekoizpena. Bertsolariak, gainera, aldaketaren eragile aktiboak direla frogatu du: trantsizioari buruz kantatzean bertsolari bakoitzak bere ikuspegitik aldaketei zentzu bat eman zien, herriari trantsizio hori egitea erraztuz.

Alberrori bertsoak ikerketarako iturri baliotsuak direla baieztatu dio egindako lanak. Bere garaian Antonio Zavalak bilketa lan izugarria egin zuelako egin ahal izan du ikerketa hau. Zentzu horretan, egun Xenpelar Dokumentazio Zentroan egiten den lana etorkizunean beste ikerketa batzuk egiteko baliagarria izango dela argi ikusten du. Bere ustez edozein ikerketa gauzatzerakoan bertsoa kontutan hartu beharreko iturria da edukiaren testuinguruaren testigantza moduan.

Ikertzen jarraitzeko gogoz geratu da eta etorkizunean XIX. mendeko bertsolaritzari buruzko lana gustura egingo lukeela aurreratu digu.

 

  • Gaiari buruzko interesa izanez gero, Nerea Azurmendi kazetariak Luzia Alberrori egindako elkarrizketa interesgarria argitaratu zuen El Diario Vascok iragan den abenduaren 27an. Hemen duzue irakurgai.