BDB berritua, mugikorretik ere kontsultagai
Bertsolaritzaren Datu Basearen atariak itxura berria hartu du, baina ez hori bakarrik; bertsolaritzari dagokion agenda, biografiak, hemeroteka, azken finean BDBk biltzen dituen eduki guztiak, noiznahi eta nonahi bistaratzeko aukera izango da aurrerantzean, gailu mugikorretatik.
Mugikorretan kontsultatzeko bertsiorik ez du izan datu-baseak orain arte; gero eta gehiago dira, ordea, Xenpelar Dokumentazio Zentroak kudeatzen duen atarira gailu hauetatik sartzen diren erabiltzaileak.
2007tik garatzen ari den proiektua da BDB eta 2011an argitaratu zen Interneten. Pixkanaka datu-baseak gehitzen doaz; aurten, besteak beste, Kulturartea Mapa berritua gehituko zaio, Europa bat-batean Topaketan aurkeztu ostean.