Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/05/10

Bapatean bilduma: urteroko lana eta urteroko oparia

Bertsolaritzak urtean zehar utzi duen uzta biltzen du Xenpelar Dokumentazio Zentroak eta bertsoaldi horien lagin bat hartuta bilduma osatzen du: Bapatean. Argitalpena osatzeak lan prozesu luzea dakar berekin: bertsoaldiak jaso, transkribatu, hautatu... haren inguruko azalpenak dakartza Bertsozale Elkarteak hilabetero kaleratzen duen BertsoZalea berripaperean; hain zuzen, maiatzeko aletik ateratako testua da ondokoa.

1988an egin zen lehenengo Bapatean, eta ordutik, hutsik egin gabe argitaratzen da. Paperean ateratzen zen 2009ra arte, eta 2010etik gaur arte, CDa kaleratzen da, bertsoak irakurtzeko pdf fitxategiarekin eta audioekin.

Bapatean bildumaProzesu luzea bizi izaten du Bapatean bildumak. Horrela azaldu digu Felix Irazustabarrena Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideak. Urtero hainbat saio jasotzen dituzte, bideoan zein audioan. Horretaz grabaketa sarea arduratzen da: Bertsozale Elkarteko hedapen taldea, herrialdeetako elkarteak, bertso-eskolak, norbanakoak… “2016an, esaterako, 411 saio daude jasota”, adierazi du Irazustabarrenak, “bildu, transkribatu, eta informazio osagarria jasotzen da”.

Gero, hautaketa lana dator. “Horretarako irizpide batzuk dauzkagu” dio Xenpelarreko kideak. “Urtean plazan gertatutakoaren isla agertu behar da, dabiltzan bertsolariak, eta bertsoaldi onenak ere bai” azaldu du. Horretarako datuen araberako proportzionaltasun bat egiten da.

2016ko Bapatean bildumarako 87 bertsoaldi hautatu dira, 593 bertso transkribaturik, eta horietako 51 CDan entzungai. “Gainera pdfan bertan azaltzen den esteka klikatuz gero, bdb.bertsozale.eus webgunera jo eta bertan entzun daitezke bertsoaldi guztiak”.

Hautaketa lanaz gain, urtean zehar izandako saioen mugimendua ere azaltzen da: saio moten kopuruak herrialdeka, eskualdeka, txapelketak eta sariketak, eta argazkiak ere bai. Hitzaurreak biribiltzen du bilduma: “Aldiro bertso mugimenduan dabilen norbaiti eskatzen zaio”, azaldu du Irazustabarrenak. Aurtengoa Ramuntxo Christyk egingo du.

Laster izango da kalean Bapatean 2016.