Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2021/06/18

Bapatean 2020, sarean

Aurrekoarekin egin bezala, aurten ere Xenpelar Dokumentazio Zentroak kudeatzen duen bdb.bertsozale.eus atarian jarri da, bertsozale eta ikertzaile ororen eskura.

Bertso plazaren urteko argazkia izan ohi Bapatean bilduma. 2020a ezohikoa izan arren, izan du bertsotik, eta horiek jasota osatu da urteari dagokion bilduma. Bapatean 2020 argitalpenean, 54 bertso saiotatik 84 bertsoalditako 598 bertso daude transkribatuta, gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Bertsoaldiak irakurtzeko ez ezik, entzuteko aukera ere badago, eta bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira. Guztia Xenpelar Dokumentazio Zentroak kudeatzen duen bdb.bertsozale.eus atarian dago eskuragai.

2020ko bertso plazak izan ditu ezaugarri jakin batzuk: online saioek ordezkatu dituzte udaberrian ohiko bertso plazak eta libreko saioak dezente gutxitu dira. Horren isla ere nabaria da Bapatean 2020 bilduman.

Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako informazioa, grabazioak eta horien fitxak baliatu dira Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez ekoitzitako lana osatzeko. Bertsozalearentzako gozagarria izateaz gainera, ikertzaileentzako ere bada baliagarria ekoizpena, hainbat datutatik abiatuta, behaketarako eta ikerketarako aukerak ematen baititu.

*Audio guztiak deskargatzeko moduan jaso nahi badira, idatzi eskaera eginez xenpelar@bertsozale.eus helbidera.