Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/07/05

Bapatean 2018, bertsogintzaren urteko uzta

Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako informazioa, grabazioa eta fitxak baliatzen dira urteroko argitalpena osatzeko.

Kalean da Bapatean 2018. Urtean urteko bat-bateko bertsogintzaren lekuko izateko helburuarekin urtero argitaratzen dugun lana da. Aurtengoak 54 bertso saiotako 87 bertsoaldi jasotzen ditu; guztira, 600 bertso baino gehiago.

Batetik, mp3 formatuan, bertso horiek izango dituzu entzungai. Bestetik, idatzizko argitalpenaren fitxategia topa daiteke diskoan: bertsoak transkribaturik jasotzeaz gainera, bestelako datuak ere aletzen dira: bertso saioen mugimendua herrialdeka edota gauzatu diren aldizkako ekitaldien deskribapena, kasu. Hitzaurrea Johaine Sarraillet bertsolari zuberotarrak idatzi du.

Mintzola Ahozko Lantegiak bideratuta, Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako informazioa, grabazioak eta horien fitxak baliatu dira argitalpena osatzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailordetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiak babestu dute lana.

Jende askoren emaitza da lan hau: Mintzolako lantaldeaz harago, baita Bertsozale Elkartearen biltzaile sareari esker borondatez bertso saioak grabatzen aritzen direnena ere. Gozatu!