Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Banatu ditugu GRAL eta ikerketa proiektu sariak

Agustin Mendizabalen eta Maider Arregiren ikerketa proiektuek eta Ainhoa Ontsaloren eta Iker Narbonaren gradu amaierako lanek eskuratu dituzte sariak.

Ahozko kultur sorkuntzaren ikerketa sustatzeko deialdiek emaitza ederrak izan dituzte. UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitu ditugu bina GRAL eta ikerketa proiektu sari eskuratzeko deialdiak. Guztira, 13 lan eta proiektu jaso dira, eta horietatik lau izan dira saridunak. Pasa den asteazkenean banatu genituen sariok.

Batetik, bi GRAL sari banatu genituen: Ainhoa Ontsalo Sagastumeren "Ez da kasualitatea" bertso saio musikatu feministak: publikoa aztergai gradu amaierako lanak eskuratu du bat, eta Iker Narbona Beitiaren Bertsolaritzaren irakaskuntza Nafarroako Foru Erkidegoko hezkuntza arautuan: bilakaera eta proposamen didaktikoa lanak bestea. Bakoitzak 500 euroko saria jaso du burututako gradu amaierako lanengatik.

Bestetik, bi ikerketa proiektu sari banatu dira. Hasiera batean bakarra ematekotan baginen ere, ikerketa proiektuen maila ikusita, bi esleitu dira. Bata Agustin Mendizabal Iturriaren Xabier Leteren prosodia musikalaren alderdi batzuk proposamenarentzat izan da, eta bestea, Maider Arregi Markuletaren Bollerak Bertsolaritzan: diskurtsoak, praktikak eta eraldaketa sozialerako proposamenak proiektuarentzat. Urtebeteko epea izango dute bi ikertzaileek 2.000 euroko sariarekin lana garatzeko.

Sari banaketan, Laboa Katedrako Pio Perezek epaimahairen ebazpena arrazoitzeko lanaren inguruko zenbait ezaugarri nabarmendu zituen, eta Mendizabalen eta Narbonaren kasuan, egileek beraiek lanaren zenbait azalpen eman zituzten; Arregik eta Ontsalok ezin joanda, haien izenean jaso zituzten sariak haien hurbilekoek.