Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Banatu ditugu ikerketa kontratua eta bi proiektu sariak

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin egin dugu deialdia. Kepa Matxainek lortu du kontratua "Bertsolaritzaren autonomia auzitan: utilitarismoa, txapelketak, hedabideak, irakaskuntza eta hibridazioa" lana egiteko.

Beste hiru urtez luza daitekeen urtebeteko ikerketa kontratu bat eta 2.000 euroko bi proiektu sari banatu ditugu UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak; kontratuak UPV/EHUko Euskararen eta Ikerkuntzaren Alorreko Errektoreordetzen babesa ere izan du.

Iazko ikerketa proiektu saria eskuratuta abiatutako ikerketa bidearekin jarraitu ahal izango du Kepa Matxainek. 2019ko deialdiko proiektu sarietako bat eskuratu zuen, eta aurten berarentzat izan da ikerketa kontratua. UPV/EHUn gauzatuko du kontratu hori urtebetez, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin: Bertsolaritzaren autonomia auzitan: utilitarismoa, txapelketak, hedabideak, irakaskuntza eta hibridazioa proiektuari esker lortu du.

Bi proiektu sariak ere banatu dira, 2.000 eurokoa bakoitza. Bertsolaritzaren erresistentzia funtzioa belaunaldi desberdinetako bertsolari eta bertsozale emakumeen ahotsetatik: ikerketa-ekintza parte hartzailea izena du batak: Ane Bengoetxea, Ana Villanueva, Ines Huarte, Leire Amenabar eta Miren Aiertza kideek osatutako taldeak aurkeztu du. Bestea Maialen Akizuk proposatutako Zaintzaren ekonomia eta euskal kultur sorkuntza: bi ikusezin, elkarri begira: Lehen hurbilpen baterako, bertsolaritzaren kasua aztergai proiektua da. Datorren urterako aurkeztu beharko dituzte lanak.

2013tik egin dugu ikerketa kontratuko deialdia eta 2014tik proiektu sarietakoa, eta elkarlanean egindako deialdiok emankorrak izaten ari dira ahozko kultur sorkuntzaren gaineko ikerketari lotuta.