Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/11/07

Azaroaren 19an zabalduko da Ahots Baten egonaldirako izen-ematea

Abenduaren 26tik 30era gauzatuko da aurten ere. Oraingoan Aubixako barnetegian, Elgoibarren, elkartuko dira gazte sortzaileak. Besteak beste, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariek zein Danele Sarriugarte idazleak hartuko dute parte.

Antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura lantzeko elkartuko dira aurten ere hainbat gazte sortzaile. Abenduaren 26tik 30era gauzatuko da laugarren urtez jarraian Ahots Baten sormen egonaldia, eta azaroaren 19an zabalduko da izena emateko epea; 1998 eta 2002 urte bitartean jaiotakoei zuzendutako deialdia izango da.

Aubixako barnetegian, Elgoibarren (Gipuzkoa), egingo da. Urteotan egin bezala, egun bakoitzean diziplina batekin arituko dira gazteak eta diziplina horietan iaioa den aditu bat joango zaie egun bakoitzean; besteak beste, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariak zein Danele Sarriugarte idazlea izango dira eurekin.

Laster emango ditugu xehetasun gehiago; beraz, jarraitu adi www.mintzola.eus guneko berriei.

Sormenaren harrobia landuz, laugarren urtez

Ekimen hau euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortu zen. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen du, Ikastolen Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin, Bertsozale Elkartearekin eta ipuingintzari loturiko zenbait eragilerekin elkarlanean.

Jada hiru urtez egin da egonaldia eta emaitzarekin gustura geratu izan dira bai izena emandako gazteak, begiraleak zein parte hartu duten adituak; asko harrituta ere bai gazteen talentuarekin.

Sormenaren harrobia lantzera goaz Gabon hauetan ere.