Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2021/11/16

Aurten ere izango da Ahots Baten

Abenduaren 27tik 30era egingo da Amaiurren (Nafarroa). Izen-ematea azaroaren 22an irekiko da, 10:00etan; aurten Bertsozale Elkartetik eta Euskaltzaindiatik bideratuko da antolaketa, eta www.bertsozale.eus ataritik izen-ematea.

Zazpigarren edizioa izango du aurten Ahots Batenek. Iaz, pandemiaren eraginez egun banatako bi saio egin baziren ere, leheneratu eta lau eguneko egonaldia izango da aurtengoan. Abenduaren 27tik 30era izango da Amaiurko aterpetxean (Nafarroa) eta datorren astelehenean, hilaren 22an, irekiko da izen-ematea 10:00etan. Abenduaren 3ra arte izango da izena emateko aukera; eguerdira arte, zehazki. Kasu honetan, ordea, Mintzola azkentze prozesuan egonda, Bertsozale Elkartetik eta Euskaltzaindiatik bideratuko da antolaketa, eta www.bertsozale.eus ataritik izen-ematea.

15 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektua da. Urte osoan zehar, antzerkia, bertsoa, kantua edota narrazioa edo kontakizuna: ahozkotasunaren diziplina ezberdinak lantzen dituzten gazteek kultur adierazpide horietaz gozatzeko eta haiekin esperimentatzeko aukera izango dute lau eguneko egonaldian; baita, nola ez, beraien arteko harreman sareak eraikitzeko ere.

Bigarren eta hirugarren egunetan kultur diziplina horietan iaioak diren sortzaile ezagunak batuko dira taldera: antzerkitik, Intza Alkain aktorea; bertsolaritzatik, Ane Labaka bertsolaria eta Maialen Belarra gai-jartzailea; kantagintzatik, Miren Narbaiza MICE musikagile eta kantaria; eta literaturatik, Joseba Larratxe Josevisky komikigilea.

Informazio gehiago, hemen.