Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aurten ere ikerketa beka deitu dugu Kilometroek eta Mintzolak

Goierriko ahozko ondarearen inguruko ikerketa lanetarako da. Ekainaren 30era arte bidali ahal izango dira proiektuak.

Pello Mari Otaño Ikerketa Bekak abiatu zuen bideari jarraipena emango zaio 2021ean. Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ikerketa beka deitu dugu berriro, aurreko esperientzia ona errepikatzeko asmoz; aurtengoan, Kilometroak antolatzeko ardura hartu duten Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolen eta Gerriko Kultur Elkartearen babesarekin.

Hiru ikastolak Goierriko eskualdean (Gipuzkoa) daude kokatuta, eta hango ahozko ondarea ikertzea helburu duten proiektuetarako da beka. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak eta uztailean jakinaraziko da nor den sariduna; 3.000 euroko dirulaguntza dugu esleitzeko.

Deialdiaren inguruko informazio gehiago duzue hemen.

"Kilometroak euskalgintzako eta kulturako, hau da, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu behar zela" garbi ikusi zutela azaldu zuen Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari den Nekane Artolak, iazko Pello Mari Otaño ikerketa deialdiko proiektu sariduna aurkezteko agerraldian; Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak prestatutako Aiztondoren zirtotsa proiektuak eskuratu zuen saria orduan. Elkarlan proposamena pozik hartu genuen Mintzolan, eta hala adierazi zuen agerraldi hartan Mintzolako ahotsa izan zen Miren Artetxek: "Gure aldetik, eskerrik asko erakunde guztioi eta, batez ere, ikertzaileoi egitasmo interesgarri eta iradokitzaile honengatik. Kilometroekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide-orri gehiago marraztea nahiko genuke", berretsi zuen.

Eta lankidetza horrek aurrera eginda, iritsi da 2021eko deialdi hau ere.