Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/10/29

Aste honetan hasiko dugu Ahostegunak

Ostegunak bereziak izango dira urriaren 31n hasi eta azaro osoan zehar. Elkarrekin literaturaz, antzerkiaz, bertsoaz eta kantuaz gozatzera goaz.

Gau beltzaren atarikoa elkarrekin pasako dute gazte askok, ahozko kontalaritzaz eta literaturaz gozatzen. Ahostegunak egitasmoaren lehen saioa egingo da ostegunean, 16:00etan hasita, UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren aldamenean dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan. Lehen saio honetan, literaturaren inguruan aritzeko, Uxue Alberdi idazlea gonbidatu dugu.

Urriaren 31n hasi eta azaro osoan zehar izango dira saioak. Aste honetan kontalaritza eta literatura, baina hurrengoetan antzerkia, bertsoa eta kantua izango dituzte mami: horietan, Miren Gaztañaga aktorea, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio bertsolariak, eta Ines Osinaga kantari eta musikaria batuko dira taldera. Gainera, azken egunerako, azaroaren 28rako, gonbidatu guztiek parte hartuko duten saioa antolatu dugu.

Saioetan parte hartzea doakoa da, baina izena eman beharra zegoen. Horretarako epea amaituta, talde ederra osatu da: Euskal Herriko hainbat txokotako 20 lagunek eman dute izena, antzerkia, bertsoa, kantua edota literatura zaleak diren gazteak.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak antolatu dugu egitasmoa, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren laguntzarekin batera.

Unibertsitateko ostegun sozialei beste ukitu bat ematera goaz!