Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Askotariko ikerketak, bertsolaritzaren inguruan

Ane Labakak, Itziar Navarrok, Jon Martinek eta Beñat Krolemek beren lanak aurkeztu dituzte jendaurrean Amasa-Villabonako Subijana etxean.

Bertsolaritzaren inguruan gauzatzen ari diren ikerketak ezagutzeko abagunea eskaini dute Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mintzola Katedrak elkarlanean. Iaz egin bezala, aurten ere horietako zenbait jendaurrean aurkezteko hitzordua antolatu dugu Amasa-Villabonako Subijana etxean bertan, Mintzolaren egoitzan.

18:30ak pasata hasi da hitzordua, eguraldi kaxkarrak eta hark eragindako errepide txarrak hala behartuta. Ane Labaka izan zen bere lana aurkezten lehena. Umorearen eta generoaren inguruko lanketa egin du; Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik lana garatu du Mintzolak eta Laboa Katedrak esleitutako ikerketa proiektu sariari esker. Bertsoak baliatu zituen ikerketa aurkezteko bidean eta azaldu zuenez bere esperientzia ezinbestekoa izan da gaia aukeratzerako garaian. Genero eta umore sistemak aztertu ditu Labakak bertsolaritzan eta ondorio gisa aipatu duenez, "umore hegemonikoarekiko erresistentzia bai, baina transgresiorako pausoa falta da zenbaitetan". Itziar Navarroren eta Bertsolarien kantaeraren bilakaera denboran zehar. Oiartzungo kasua lanaren txanda izan da gero; Navarrok berak ere deialdi berean lortutako sariarekin gauzatu du ikerketa lana. Kantaera izan da Navarrok aukeratutako alorra, eta Oiartzungo bertsokerara mugatu edota bideratu du bere azterketa. Apaindurak, intonazioa, artikulazioa eta tenpoa aztertu ditu eta haiek aintzat hartuta kantaerak izan duen bilakaera izan du ikergai. Besteak beste, bertsotarako gune batzuk galdu eta beste batzuk irabazi direla azaldu du eta horretan eragina izan duela esaterako, sekularizazio eta baserriko bizimoduaren galerak.

Azken urteotan egindako Mintzolako ikerketa proiektu sarien deialdiek doktore tesietara eginbeharreko bidea erraztu dute; hala, deialdi horretan saridun egokitutako Jon Martinek eta Beñat Krolemek adibidez, doktore tesiak abiatu dituzte, eta horiek ezagutzeko aukera izan genuen hitzordu horretan bertan. Xabier Leteren bertso, olerki eta kanten analisia egiten ari da Martin. "Zentsurak ere ematen du idazteko oso modu zehatz bat; are poetikoagoa dena" azaldu du "letretan bertsolaritzaren eragina nabarmena da; aurrez inork bertsotan erabili gabeko maila poetikoa ekarri zuen Letek" gaineratu du. Krolemek bertsolaritzaren eta irudiaren lanketa jorratu du. Bertsolarien lana "deskontestualizatzen" dabil eta bere lanaren parte den Oholtza performancearen erakustaldia egin du, Ane Labaka eta Jon Martin bertsolariak lagun zituela.

Izan Mintzola Ahozko Lantegiak abiatutako deialdiekin edota beste erakunde batzuek eragindakoekin, hainbat dira bertsolaritza jakintza alor ezberdinetatik aztertzen duten ikerketak