Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020/10/15

Artium museoko dokumentazio jardunaldietan izango da Xenpelar

Urriaren 22an eta 23an egingo da Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen X.Topaketa.

Artium Museoak Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen Topaketa antolatzen du bi urtetik behin, 2002tik. Hamargarrena izango da aurtengoa, eta urriaren 22an eta 23an gauzatuko da Artiumeko auditorioan.

Ondare bildumak dituzten erakundeen artxibo eta bilduma berezien kudeaketa landuko da, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak parte hartuko du. Lehen egunean, goizean, Oihana Aranburu Balerdi zentroko koordinatzaileak Bertsolaritza, bat-bateko artea dokumentatzea hitzaldia eskainiko du. Aurretik eta segidan ezagutuko ditugu Artiumeko erakusketa programaren eta bildumaren dokumentazioa, Nafarroako Kulturaren Atari Digitala, Prado museoaren webgunean haren historia grafikoari buruz dituztenak eta arte garaikideari loturiko beste zenbait proiektu digital. Eguerdian mahai-inguruan elkartuko dira goizean aritutako hizlariak.

Jardunaldi hauen helburua da dokumentazio zentroen egitekoa aztertzea, informazioaren kudeaketa eta zabalkunderako estrategia berriekin loturik; eta baita, informazioaren teknologiak baliatuta, zentro horien arteko lankidetza-programak sustatzea.

Bertsozaleei eskainitako ondare kolektiboa

Xenpelar Dokumentazio Zentroa Bertsozale Elkartearen baitan sortu zen 1991. urtean. Geroztik bertsolaritzaren biziberritzea helburu duen dokumentazio egitasmoa sortu eta garatu du. Bertsolaritzaren ondarea zaintzeko eta zabaltzeko, ahozko ondare hori eskuratu eta ezagutzeko aukera ematen duten berariazko dokumentazio teknikak garatu eta aplikatu ditu.

Zentroaren berezitasun nagusia bertsolaritzaren inguruan sortutako informazioa eta dokumentazioa biltzeko sistema bat antolatzea izan da. Dokumentazio zentroa bertsolaritza mugimenduaren berezko indar eta lanen bidez elikatzen da, eta zentroaren bilduma bertsozaleei eskainitako ondare kolektiboa da. Berez iragankorra eta materiagabea den bat-bateko bertso sorkuntza dokumentatzeko sistema espezializatu honek ikus-entzunezko grabazioen bilduma du zutabe nagusi. Ikus-entzunezko bildumaren kudeaketarako bertsoaren berezko ezaugarriak aintzat hartzen dira: besteak beste, bertso doinuak (Doinutegia), gaien tematika (Gaitegiaren tesauroa), bertso neurriak (sailkapenak)....

Topaketaren programa osoa, Artiumeko atarian dago ikusgai.