Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Anitz bezain interesgarri

Zaintzaren ekonomia eta kultur sorkuntza, bertsolaritzaren erresistentzia funtzioa, bertso-eskoletan kantaera lantzeko proposamena... askotariko gaiak ekarri ditu aurtengo Mintzola Mintegiak.

Ospakizun txiki-handia izaten da urtero Mintzola Mintegia. Bere xumean, aretoa bete ohi du, eta urtez urte ikerketen kopuruak zein gaien aniztasunak zer nolako bilakaera izaten duten gogora ekartzea beti izaten da pozteko eta ospatzeko arrazoi.

Maialen Akizu

[IKUSI ARGAZKIAK, HEMEN]

 

 

 

 

 

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean antolatu ohi dugu hitzordua: "Guretzako opari bat da Mintzola Ahozko Lantegiarekin batera mintegi hau antolatzea eta beste hainbat ikerketa deialdi bultzatzea", azaldu zuen Jone Miren Hernandez Laboa Katedrako zuzendariak, pasa den azaroaren 26an egin genuen Mintzola Mintegiaren hasieran. Berarekin batera UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren Errektoreordea den Jon Zaratek egin zien harrera hitzaldiak jarraitzera agertutakoei. Sei urteotan Mintzolako patronatu kidea izan da Zarate, eta mintegia bidea amaitu eta agurtzeko baliatu zuen; "maiteminduta sartu nintzela onartu behar dizuet, bertsozalea ere banaizelako; eta ezagutu ostean gehiago maitatu dut Mintzolaren lana, eta maitatu ez ezik babestu ere bai egokitutako arduratik". Bere hitzak bertso bat eskainiz biribildu zituen: "...babes dezagun altxor hau, urrea da dariona" amaitu zuen.

Laboa Katedrarekin elkarlanean, saritutako lanak

Aurten tokiari eta distantziari lotutako neurriei arreta jarri diegu, eta mintegia online jarraitzeko aukera eskaini da; aretoa bete ez ezik beste hainbatek jarraitu dute, hartara, hitzaldi sorta etxetik.

Iaz GRAL Saria eskuratu zuen Idoia Ilundainek piztu zuen suziria. Ahoz gorako irakurketa aztertu du berak, esperientzia sozial gisa duen funtziotik. Horretan, "irakurketa ozena ez da soilik ahotsa jartzea"  azpimarratu zuen, eta entzuteak eta isiltasunak berak "bai irakurlearenak eta baita entzulearenak ere" duten garrantziaz aritu zen. Horiek denak dute zeresanik praktikan. Iaz, GRAL Saria jasotzera etorri zenean, eman zizkigun xehetasun batzuk.

 

Ines Huartek eta Leire Amenabarrek aurkeztu zuten Mintzolak Laboa Katedrarekin egindako deialdian saria eskuratu duen eta taldean - Ana Villanueva, Ane Bengoetxea eta Miren Aiertza kideekin - garatzen ari diren ikerlana: Bertsolaritzaren erresistentzia funtzioa belaunaldi desberdinetako bertsolari eta bertsozale emakumeen ahotsetatik: ikerketa-ekintza parte hartzailea. 26 bertsolariri eta 24 bertsozaleri sei galdera irekiko galdetegia egin zaie, eta hortik ateratako ondorioetatik abiatu dute marko teorikoa. Ikerketarekin dituzten helburuak azaldu eta etorkizuneko erronkak ere bistaratu zituzten: "Aniztasuna oholtzara ekartzea bertsolaritzan, bertsolaritza hegemonikoarekin apurtzeko" eta beste komunitate batzuk ere erdigunera ekartzea, bertsolaritza bere egin dezaten.  Zaintzaren ekonomia eta euskal kultur sorkuntza parez pare jarri ditu Maialen Akizuk, antzekotasun asko ikusi baitizkio bati eta besteari. Zaila da bateko zein besteko jarduerak orduetan neurtzea, adibidez. Besteak beste, ikerketarako elkarrizketatu dituenen artean kontziliazioaren gaia urratu duela aipatu du. Horretan, esate baterako,  gizonezko eta emakumezko sortzaileen artean desorekak badaudela azaldu du Akizuk, eta estrategiak egon badaudela, baina "estrategia indibidualak" direla [hemen, bideoa].

Ikerketa kontratua ere esleitu dugu aurten. Kepa Matxainek eskuratu du, eta iaz lortutako proiektu sariari esker ondutako ikerlanari eman ahal izango dio jarraipena hartara. "Noiz sortzen du bertsoak kode propioekin mundu propio bat?" eta galdera horri erantzunda, horretan distortsioa eragiten duten bi fenomeno aztertu ditu: kanpo homologazioa eta txapelketak. Iazko Mintzola Mintegian ere aurreratu zuen bere ikerlana, eta hementxe orduko bere hitzak.

Bertsoaren didaktika, aztergai

Aurten lehen aldiz Pello Mari Otaño beka esleitu dugu, Kilometroek eta Mintzolak elkarlanean eta Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen laguntzarekin. Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa proiektuak eskuratu zuen saria. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko hainbat kidek sinatu dute lana, eta horietako bik, Mikel Artolak eta Unai Mendizabalek, aurkeztu zuten mintegian.

Bertsolaritzaren didaktika izan da beren abiapuntua. Bertsoa ikasteko eta irakasteko prozesuaren inguruan hausnartu dute: bertsotan egiteko gaitasunak xehatu, eta horiek mailakatzeko ariketa eginda, bertsoaren unitatera iritsi aurretik oinarrizkoagoak diren beste unitate batzuk daudela azaldu dute, eta horietako bat, koplaren eta puntuaren aurretik legokeena, litzateke zirtoa. Hala, Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirtoa bildu eta hezkuntzan hura lantzeko proposamena ari dira ontzen [hemen, bideoa].

 

Donostiako Orfeoia-Musikene Saria eskuratu berri du Maddi Soroak Bertsolariaren formazioan, bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia-arloak lanari esker, eta hura ezagutzeko aukera izan genuen Mintzola Mintegian. Bertso-eskoletan kantaera nola landu aztertzen duen ikerketa gauzatu du: intonazioa eta entzumenari, erritmoari, eta adierazpenari loturiko aspektuak azaldu zituen Soroak mintegian, eta etorkizunerako lan-lerro izan daitezkeenak ere aipatu zituen: "bertso-eskoletarako programazioa sortzea eta epai-irizpideetan parametro horiek ere txertatzea".

GRAL Saria, bigarren aldiz

Saioarekin amaitzeko Laboa Katedrak eta Mintzolak banatutako GRAL Sariaren banaketa gauzatu genuen: "Uzta polita izan da" azpimarratu du Laboa Katedrako zuzendariak, Jone Miren Hernandezek: "12 lan aurkeztu dira, maila bikainekoak". Lan zaila izan du epaimahaiak; azkenean, Leire Amenabarren Sortzaile kulturalak eragile sozialak? Errepertorio kulturalak: espazio, audientzia eta estetika berriak ikerlanak eskuratu du.

Amenabarrek labur-labur azaldu du ikerlana; gehiago jakiteko gogoz utzi gaitu, hurrengo urteko Mintzola Mintegira arte. Izan ere, UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren Errektoreordea den Jon Zaratek opa bezala, uzta honi bide luzea aurreikusten diogu: "Opa diot Mintzolari arrakasta etorkizunean, hori izango delako euskararen eta euskal kulturaren arrakasta".