Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aiztondoren zirtotsaren oihartzuna ikasgelara

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak amaitu du lana, eta lehen probak ere egin dituzte ikasgelan: "errimak duen berezko erakargarritasun estetikoaz jabetu eta horrekin gozatzea" dakar zirtoaren lanketak. Adarra jotzeko moduak euskaraz lantzeko aukera ere bai, sormena eta irudimena gure hizkuntzarekin lotzeaz batera.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek - Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi - sinatutako lanak eskuratu zuen iaz Pello Mari Otaño Beka. Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa proposamena gorpuzteko urtebeteko epea pasata, Mikel Artola arduratu da Amasa-Villabonako Subijana etxean amaitutako lanaren xehetasunak emateaz.

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitu genuen beka elkarlanean, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen laguntzarekin. Kilometroetako Nekane Artolak eta Mintzolako Beñat Gaztelumendik eman diote hasiera aurkezpen saioari, eta jarraian hartu du hitza Mikel Artolak.

Zirtoa zer den deskribatzeko baliatu ditu lehen minutuak, eta hura ikasprozesuan non kokatu azaltzeko. Aiztondoren zirtotsa jasotzeko bilketa lana batez ere liburuetatik egin dute, bilketa horretan sakontzeko jende helduarekin elkartzeko aukera ez baita izan azken urtean. Aiztondo bailaran (Gipuzkoa) jasotako zirto historiko horiekin zein egileek beraiek sortutakoekin bideoak osatu dituzte, eta www.bertsoikasgela.eus eta www.bertsoeskola.eus webguneetan baliagarri jarriko dira erabilera didaktikorako. Gainera, lehen probak ere egin dituzte ikasgelan, bideo horiek baliatuta eta ikasleak zirtoak sortzen jarrita.

"Zaskarekin lotzeak adarra jotzearen eta min ematearen arteko muga lausotzeko arriskua du baina saioak aurrera egin ahala, ez da horrelako arazorik izan, eta umoreak ludikotasunari mesede egin dio"

 

Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena, eta ikas-irakas prozesua oinarrizko unitate horretatik hasteak gerora bertsoa osatzeko gaitasunean lagundu dezake.

Ez hori bakarrik. Hainbat dira zirtoaren lanketatik eratorritako onurak: sormena, jendaurrekotasuna eta dialektika eta lankidetza - elkarrizketan garatzen denez gero - lantzeko aukera ematen du. Bestalde, "neurriaren kezka alde batera uzten duenez, zirtoak errimaren arazoa erdigunean jartzen du, eta arreta horretan jartzeak errimatzen ikasteko balio du", azaldu du Artolak; harago joanda, "errimak duen berezko erakargarritasun estetikoaz jabetu eta horrekin gozatzea" ere badakar. "Umoreari dagokionez, zaskarekin lotzeak adarra jotzearen eta min ematearen arteko muga lausotzeko arriskua du", aitortu du Artolak, hala lotu baitute ikasleek, "baina saioak aurrera egin ahala, ez da horrelako arazorik izan, eta umoreak ludikotasunari mesede egin dio", esan du.

Adarra jotzeko moduak euskaraz lantzeko aukera ematen du, beraz, zirtoaren lanketak, sormena eta irudimena ere gure hizkuntzarekin lotzeaz batera. Proiektuak horretan egin dezakeen ekarpena azpimarratu du aurkezpen saioaren amaieran Nekane Artolak: gazteen euskararen erabileraren emaitzak hobetzen. Euskararen biziberritzean eta, oro har, gizartean eragiteko ikerketak duen indarrarekin bat egin du Beñat Gaztelumendik. Zentzu horretan, Kilometroen eta Mintzolaren arteko elkarlanarekin jarraitzeko asmo irmoa erakutsi dute biek.

Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian

Iazko esperientzia errepikatu asmoz, aurten ere bigarren deialdia antolatu dugu Kilometroek eta Mintzolak; oraingo honetan, Kilometroak jaia antolatzeaz arduratuko diren Goierriko ikastolen – Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito - eta Gerriko Kultur Elkartearen laguntzarekin. Ikerketa eremua ere eskualde honetara mugitu da bigarren deialdi honetan: Goierriko ahozko ondarea ikertzeko helburua duten ikerketentzat izan da.

Ekainaren 30ean amaitu zen proposamenak aurkezteko epea, eta atzoko ekitaldia baliatu zen epaimahaiaren ebazpenaren berri emateko: Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian lanari esleitu zaio aurten. Ikerketa egiten, orotara, hamar bat lagun ariko diren arren, Eresti Oiarbide eta Maialen Akizu  dira proiektuaren egileak.

Garapen maila eta bideragarritasuna ere azpimarratu ditu, eta baita "ikerketa gauzatutakoan hurrengo belaunaldientzako edukiko duen balioa"

 

Egileen esanetan, Gabirian bertsoarekiko afizioak izan duen lekua belaunaldiz belaunaldi transmititu da, beste oso leku gutxitan bezala. Horregatik ikertu nahi dute Gabiriako bertsolaritza, bertsolaritzak Gabirian duen lekua eta Gabiriak bertsolaritzan duen pisua. Bertsolaritza eta Gabiria lotzen dituen anekdota, bertso, argazki edota antzerakoren bat izanez gero, haiei helaraztea nahi dute; horretarako, idatzi gabiribertso@gmail.com helbidera.

"Bertsolariez gain, kontuan hartuko dira bertsoaren eta bertsolarien inguruko eta belaunaldi desberdinetako eragileak: bertsozaleak, gai-jartzaileak, antolatzaileak… Datu-basearen azterketa egitea guztiz interesgarria izango da, eta, modu horretan, herriko bertsolaritzaren historia txukun jasoa geratuko da", azaldu du Nekane Artolak epaimahaiaren ebazpena eskuan zuela. Garapen maila eta bideragarritasuna ere azpimarratu ditu, eta baita "ikerketa gauzatutakoan hurrengo belaunaldientzako edukiko duen balioa". Ikertzaileek 2022ko uztailaren 15erako bukatu beharko dute ikerketa.

Proiektuaren inguruko xehetasunak urriaren 1ean emango dituzte Ordizian antolatuko dugun aurkezpen eta bertso saioan.