Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aiztondoren zirtotsa, ikastetxeetan ezagutarazteko

Pello Mari Otaño bekarekin saritutako proiektua aurkeztu genuen pasa den ostiralean, Zizurkilen.

Zirtoa, ateraldia edo ditxoa. Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena. Ahozko genero hau balioan jarri nahi du Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lanak: Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa bildu, aztertu eta berau ikastetxeetan eta bestelako hezkuntza espazio zenbaitetan irakasteko proposamena egin dute proiektuaren egileek, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kideek.

Pasa den ostiralean lanaren nondik norakoak azaldu zituen Haritz Mujika Harituzeko kideak. Proiektuak Pello Mari Otaño beka eskuratu du, eta deialdiaren ebazpena aurkezteko ekitaldia egin zen Zizurkilen. Zirtoaren inguruko azalpenak eta hura lantzeko ikastetxeentzako egin nahi den proposamena are gehiago argitzeko, zenbait adibide ekarri zituzten Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek; hiru kide hauekin batera egin dute lana Beñat Iguaranek, Imanol Artolak eta Mikel Artolak.

Elkarlanaren eta auzolanaren adibide ezin hobea

Ekitaldian izan ziren deialdia antolatu eta babestu dugun erakunde eta elkarteak: Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu dugu deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin.

2020-10-02, Zizurkil

 

"Kilometroak euskalgintzako eta kulturako, hau da, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu behar zela" garbi ikusi zutela azaldu zuen Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, Nekane Artolak. Elkarlan proposamena pozik hartu genuen Mintzolan: "Gure aldetik, eskerrik asko erakunde guztioi eta, batez ere, ikertzaileoi egitasmo interesgarri eta iradokitzaile honengatik. Kilometroekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide-orri gehiago marraztea nahiko genuke", berretsi zuen Mintzolako ordezkari Miren Artetxek.

"Kilometroekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide-orri gehiago marraztea nahiko genuke"

 

Zubimusu Ikastolak hainbat balio islatu nahi izan ditu aurtengo Kilometroak jaiaren bitartez, eta horiek Pello Mari Otañok ezin hobeto islatzen dituela azaldu zuen ikastolako zuzendari kudeatzailea den Nerea Zumeagak, baita ikerketa deialdi honek ere: "Elkarlanaren eta auzolanaren adibide ezin hobea da; are gehiago, ikerketa eskualdeko kideek horren gurea den gai baten inguruan eta taldean, elkarrekin, egiten ari direla ikusita. Lan honen emaitza Zubimusuko ikasleengana iristeko desiratzen gaude".

Hernandorena Kultur Elkartearen oinarrizko helburuetako bat da Pello Mari Otaño bertsolari eta poeta handiaren oroimenari eustea, gordetzea eta zabaltzea, eta, horregatik, "Hernandorena Kultur Elkartearentzat benetako ohorea izan da Kilometroak sustatu eta Pello Mari Otaño izena eman dion beka honen antolatzaileekin bat egitea", azaldu zuen Joxin Azkue Hernandorenako kideak. Aita Zavalaren hitzak ahoratu zituen Azkuek: "Euskera bizi bada, Otañoren bertsoak ere biziko dira. Eta auek arnasik badute, gure izkuntzak ere izango du".