Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Aiztondoren zirtotsa": ikasgelan baliatzeko, erabilgarri sarean

Zirtoen inguruan Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kideek egindako lanak sormena, jendaurrekotasuna, lankidetza eta dialektika lantzeko aukera ematen du.

Aiztondoren zirtotsa: Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lanaren baitan ikasgelarako sortutako materiala www.bertsoeskola.eus eta www.bertsoikasgela.eus atarietan dago erabilgarri. Amaitutako lana uztailean aurkeztu zuten egileek, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek, eta orain lan hori sarean dago eskuragai.

Uztaileko agerraldian ikasmateriala gauzatu duen taldeko Mikel Artola aritu zen xehetasunak ematen. Berarekin batera aritu dira Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal kideak. Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena, eta ikas-irakas prozesua oinarrizko unitate horretatik hasteak gerora bertsoa osatzeko gaitasunean lagundu dezakeela azaldu zuen Artolak. Ez da, gainera, bertsoaren ikasketa prozesuan bakarrik baliagarri: sormena, jendaurrekotasuna eta dialektika eta lankidetza ere landu baitaitezke, besteak beste, zirtoaren bidez.

Horregatik, zirtoa ikasgelara ekartzeko lana da egin dutena. Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirtoak jaso dituzte, berriak ere sortu, eta horiekin ikus-entzunezkoak egin dituzte, antzezlan labur moduan: bideo horiek dira www.bertsoikasgela.eus eta www.bertsoeskola.eus webguneetan jarri direnak.

Hementxe duzue Aiztondoren zirtotsa lana:

 

Bigarren deialdiko lana, martxan

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean ateratako ikerketa bekaren lehen emaitza izan da Aiztondoren zirtotsa. Pello Mari Otaño beka izena hartu zuen lehen deialdi hark, urte hartako Kilometroek Otaño bertsolariari egin baitzioten keinu, eta Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak babestu zuten deialdia.

Esperientzia errepikatuz, bigarren deialdia izan da aurten, oraingoan, Goierriko Andramendi, Jakintza eta San Benito ikastolen eta Gerriko Kultur Elkartearen babesarekin, eta Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian proiektuak eraman du 3.000 euroko saria. Eresti Oiarbidek eta Maialen Akizuk aurkeztu zuten, baina gabiriar gehiagok ere hartuko dute parte talde lanean. Proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko hitzordua, urriaren 1ean, Ordiziako Barrena Jauregian, 17:30etik aurrera.