Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Aiztondoren zirtotsa" ezagutuko dugu ostegunean

Amaitu dute lana Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kideek; iaz Mintzolak eta Kilometroek esleitutako Pello Mari Otaño bekaren emaitza da.

Zirtoa, ateraldia edo ditxoa. Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena. Ahozko genero hau balioan jarri nahi izan du Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lanak: Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa bildu, aztertu eta berau ikastetxeetan eta bestelako hezkuntza espazio zenbaitetan irakasteko proposamena da.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek - Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi - aurkeztu zuten proiektua Pello Mari Otaño beka deialdirako, eta, beka eskuratuta, urtebeteko epea izan dute egileek proposamena zena gorpuzteko.

Amaitutako lana uztailaren 15ean, ostegunean, ezagutu ahal izango dugu Amasa-Villabonako Subijana etxean egingo dugun ekitaldian, 17:30etik aurrera. Aiztondoren zirtotsa proiektuaren xehetasunak ezagutuko ditugu egileen ahotik. Tokia aintzat hartu behar dugunez gero, agertzeko asmoa baduzu, idatzi komunikazioa@mintzola.eus helbidera asteazkena baino lehen.

Goierriko ahozko ondarea ikertzeko saridunak

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean deitu genuen Pello Mari Otaño Beka, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen laguntzarekin.

Iazko esperientzia ikusita, aurten segida eman zaio bigarren deialdi batekin. Aurten Kilometroak antolatzeko ardura Goierri eskualdeko ikastolena izanik, Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolen eta eskualdeko Gerriko Kultur Elkartearen babesarekin antolatu da. Oraingoan ikertzeko eremua ere eskualde horretara mugitu da, Goierriko ahozko ondarea ikertzeko beka baita eskaini dena.

Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaitu zen. Uztailaren 15eko ekitaldian bertan ezagutuko dugu zein lan izan den aurten saritua.