Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ahozkotasunarentzako aldamioei neurria hartzen

Gaur izan du bigarren eguna "Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika" ikastaroak. Ahozkotasuna eta euskararen erabilera izan dira mintzagai nagusi, gaur, Donostiako Miramar Jauregian.

Ahozko kultur sorkuntzen transmisioan jarri zen indarra Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika eskolako lehen egunean; gaur, ahozkotasunean jarri da arreta. Ikasgelan haren inguruan egiten den lanketan ez ezik, handik kanpo egiten den erabileraren inguruan ere hitz egin da.

Ahozkotasuna trebatzeko "aldamioak" zenbateraino eraiki, horixe izan da eztabaidagai mahai-inguruan, besteak beste, ahozkoak duen berezkotasunari eusteko. Horretan, komunikabide publikoek duten ardura mahairatu da: "Hitzak erabili egin behar dira karga hartzeko, eta kargarik ez badago ez dira erabiltzen: nori dagokio sorgin gurpil hori etetea?" esan du Joxerra Garzia ahozkotasunean adituak. "Piramide bat ikusten dut hor: goi mailako sortzaileak, idazleak, kasu; tartean, profesionalak, esatariak edota irakasleak; eta hirugarrenean herritarrak. Otto Pette hartu eta euskazko sekulako irainak daude. Zergatik goiko erpinekoa ez da beheraino iristen?". Irudi hori irauli eta bestea proposatu du Ainhoa Ezeiza UPV/EHUko ikertzaileak: "Ahozkotasuna kokatuta dagoen kultura herrikoia asko elikatzen da masa kulturatik. Eman diezaiogun buelta horri, eta herritarrak goiko erpinean jarri".

Bikoizketa ere aipatu da: "Hobe dugu garena asumituta bizi, fosilizatuta hil baino; komeni zaigunaren arabera jokatu. Nola amaituko diren badakigun western pelikula txarrak ere euskaraz izango bagenitu, jakingo genuke hor agertzen diren eta gazteleraz esaten diren erreferentziazko esaldiak euskaraz esaten", azaldu du adibideak jarriz Garziak.

Ikasgelara etorrita, Aroa Murciano UPV/EHUko ikertzaileak gogoetarako espazio hauen garrantzia azpimarratu du: "Irakasleongan pisu handia jartzen da, eta baliabideak eskaini beharko lirateke pausa bat egiteko, hausnartzeko, eta egiteko moduak birsortzeko".

Berariazko lanketa, berezko ezaugarriak izanda

Olatz Bengoetxea Soziolinguistika Klusterreko teknikariak abiatu du gaurko saioa. Euskal Herrian barrena egindako zenbait ikerketaren berri eman eta bertatik ateratako gakoak partekatu ditu: Berbekin eta Berba-Lapiko programak azaldu ditu. Ahozkoa erabiltzea eta berariaz lantzearen arteko bereizketa egin du, eta bigarren horren beharra azpimarratu. Lanketa horretan aintzat hartzeko irizpide bakarra "ikasgeletako hizkuntza eredua ezin duela izan" aipatu du eta "testuinguru soziolinguistikoak baduela zerikusirik".

Aroa Murcianok ere ikasgelako dinamikan sartu gaitu. Ahozkotasuna hizkuntza arloetan lantzen dela baina "beste arloetako irakasleak ere hizkuntza irakasle" direla mahairatu nahi izan du, hitza baliatzen duelako bere edukia emateko. Horretan ari dela, maiz, irakasleak hitzaren monopolioa hartzen du, eta, besteak beste, horregatik, "eskolak hitz egiteko denbora handitu behar du "derrigorrezkoak" ikusten diren espazioak murriztu", gaineratu du.

Aitzitik, Ainhoa Ezeizaren aburuz, eskola erakundeak kultura instituzional, alternatibo edota masa kulturaren markoan daudela uste du, eta ahozkotasuna kultura herrikoietan bizi dela: "Ahozkotasuna ezin da ataza komunikatibotan landu; ezin da simulatu, sortu egiten da. Probokatzen dugu baina ez dugu programatzen". Are gehiago, bere esanetan, "instituzionalizatu, fosilizatu edo masa kultura bihurtzen dugunean, ahozkotasuna bera suntsitzen dugu".

Ahozko hizkeraren adierazkortasuna areagotzeko premiaren inguruan aritu da Joxerra Garzia mahai-inguruaren aurretik: "Euskararen espresibitatea areagotu behar da. Euskararen aizkora zorroztu eta euskararen erregistroak ugaldu eta aberastu". Izan ere, hiztunari hizkuntzak balio diezaion, formaltasun eskalak behar ditu, erregistro informaletaraino. Zentzu horretan, hainbat baliabide proposatu ditu euskararentzako, hitz elkarketak, atsotitzak eta, bereziki, nabarmendu du hitanoaren potentziala lagunarteko hizkerarako. Egungo bide teknologikoetarako aproposak, horietan erabiltzen den hizkuntza "ahozko testu idatziak" izanda.

Erlazionatutako elementuak
Ahozko kultur sorkuntzen orubea lantzen