Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2011/11/04

Ahozkoaren eta idatziaren arteko interfazeak ...

Kontalaritza garaikidearen ezaugarriak zein diren azaldu dizkigu Leire Diaz de Gereñuk. Kontalaritzari jarraipen akademikoa zor zaiola nabarmendu du; eta halaber, euskarazko kontalarien mintzajarduna biltzeko plan bat egin behar litzatekeela esan du.

Tradiziotik gaur egunera kontalaritza nola aldatu den azaltzea izan da Leire D. de Gereñuren helburu nagusia. Kontalaritza garaikideak ahozkotik edo idatzizkotik zer duen argitzeko saiakera egin du, eta batez ere ahozkotik zer duen azaldu digu. Izan ere, "kontalaritza ez da idatziaren berformulazioa" Leireren esanetan.

"Zenbat eta zaharrago eta helduago, orduan eta jende gutxiagok ezagutzen du euskal kontalaritza zer den. Haurrei eta euskaldun berriei kontatzen zaie gaur egun" (bertsolaritzarekin alderatu du). 80ko hamarkadatik hona Europan garatu den praktika sozio-kulturala da kontalaritza. Lekuaren arabera, apalago edo indartsuago garatu dena. Euskal Herrian beste tokietan baino apalago garatu da (ez du horrek esan nahi gutxiago).

Jendaurreko kontalaritza garaikidean ari direnak profesionalizatu egin dira gehienak Leire D. de Gereñuren hitzetan: "praktika sozio-kultural berria da, nahiz eta tradizioan ere profesionalen bat ere bazen". Ildo horretatik, 2006an Euskal Herriko ipuin kontalariek egindako idatzian jasotakoa ekarri du gogora: "ipuina artea da, ez da irakurzaletasunaren mende ulertu behar den zerbait, ez da antzerkiaren mende dagoena; kontalariak sentitzen dira tradizioaren jarraitzaile; sortzeko askatasuna errebindikatzen dute konpromisoa dute (kontalari denak egin behar du sortu), kalitatea ziurtatzea...".

"Jarraipen sozialaz gain, jarraipen akademikoa zor diogu kontaketari" Diaz de Gereñuren esanetan. Adituek oraindik ez baitute kontaketa ahozkoaren sailkapenetan sartzen.

Euskarazko kontaketari dagokionez, honako berezitasun hauek nabarmendu ditu:

  • Kontaketen eredu falta dago.
  • Konta-saio gutxi programatzen dira; helduentzat eta euskaldun zaharrentzat are gutxiago.
  • Entzule gehienak dira haurrak edo/eta euskaldun berriak; horrek esan nahi du kontalariek entzuketa kalitatera moldatu behar dutela kontaketa.
  • Erregistroa nola bideratu.
  • Euskaraz kontatzea motibazio bat da kontalarientzat. 

Horiek horrela, "didaktikatik urruntzeak pena merezi du kontalaritza garaikidean. Bada garaia heldu eta euskaldun zaharragoetara ere hurbiltzeko" azpimarratu du Leirek.

Saioari amaiera emateko proposamen hau luzatu du:  "corpusa biltzea oso inportantea da, Europa mailan ugaritzen ari dira bilketa lan horiek. Euskaraz ez daukagu corpus handirik grabatuta. Plan txiki bat egin beharko genuke kontalarien mintza jarduna gordetzeko". Kontalarien elkarlana sustatzeko balio dezakeen laborategi baten alde agertu da.