Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ahozko sorkuntzei buruzko ikerketak, abenduaren 4an Villabonan

Sei ikertzaileren lanen eta bi argitalpenen berri emango dugu hitzorduan; gainera, gradu amaierako lanentzat berriki Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak deitutako saria ere banatuko dugu. Sarrera doakoa da, eta interesa duen edonor gonbidatuta dago.

Ahozko kultur sorkuntzaren ikerketak saritzen ditugu Mintzola Ahozko Lantegitik eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedratik, baina, gainera, badira hiru urte ikerketa lan horiek ezagutarazteko helburuz hainbat ikertzailerekin hitzaldiak antolatzen ditugula udazkenero. Euskal Soziologia eta Zientzia Politikoaren Elkartearen laguntzarekin, aurtengoan ere berrartuko dugu saioa: abenduaren 4an izango da Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzolaren egoitzan, 18:00etatik aurrera. Sarrera doakoa da eta interesa duen edonor etor daiteke.

Lehenik Mintzolak eta Laboa Katedrak antolatutako azken proiektu sarien deialdian onuradun izan ziren Kepa Matxain eta Jon Gurrutxaga ikertzaileak ariko dira. Biek bertsolaritza dute aztergai: ahozko hizkerak bertsolariaren eredu edo kanonaren eraikuntzan duen garrantzia ari da aztertzen lehena, eta bigarrena, nazio-identitateari eta gatazkari loturiko diskurtsoaren bilakaera, azken bost txapelketa nagusiei erreparatuta. Maialen Akizuk ere zenbait txapelketa nagusi behatu ditu, baina kasu honetan gaiak izan ditu jomuga. Haren ikerketa ezagutzeko parada ere izango dugu Matxainen eta Gurrutxagaren aurkezpenen ondotik. Akizuren ikerketak Soziologia eta Politika Zientziako Gradu Amaierako Lanen I. Saria eskuratua du.

2019 Mintzola Mintegia Kartela

Deustuko Unibertsitateko Elixabete Perez doktorea Joxepa Antoni Aranberri bertsolariari buruz ariko zaigu, eta, jarraian, Antxoka Agirre hedabideetan lehen emakume bertsolariek izan zuten oihartzunaz ariko da, bertsolaritza eta hedabideen inguruko bere ikerlana abiapuntutzat hartuta. Saioa biribiltzeko, Eñaut Agirre doktoregaiak emakume bertsolarien hiru adibide ekarriko ditu, hitzez eta kantuz.

Tartean, bi argitalpen

UEUk argitaratutako Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburuaren aurkezpena egingo dute Ane Labakak eta Miren Artetxek. Argitalpenak iaz egindako Bertsolaritza genero ikuspegitik jardunaldietako ekarpenak zein gaiarekin lotura duten beste zenbait gogoeta biltzen ditu. Bestetik, Bertsozale Elkarteak eskatuta eta Mintzola Ahozko Lantegiak bideratuta, UPV/EHUko ikertzaileek egindako Bertsozaletasunaren Ikerketa Soziologikoaren emaitzak eta ondorioak kaleratuko dira laster, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik. Ikerketa Alfredo Retortillo, Xabier Aierdi eta Harkaitz Zubiri ikertzaileek gauzatu zuten, inkestatzaile lanetan aritu ziren Bertsozale Elkarteko hainbat lagun boluntariorekin batera. Zubirik ondu du azken testua, eta Kultura ez da bat-batekoa izenaren pean kaleratuko da. Xabier Aierdik egingo digu aurkezpena Mintzola Mintegian.

Gradu Amaierako Lanen I. Sariaren banaketa

Mintzolak eta Mikel Laboa Katedrak deitutako Gradu Amaierako Lanen I. Saria hitzordu honetan bertan banatuko dugu. Ahozko kultur sorkuntza izan behar zuten ikergai lanok, eta 2016 eta 2019 urte bitartean defendatuak. Azaroaren 8an amaitu zen ikerketak aurkezteko epea, eta orain lanok aztertzen ari gara.

EGITARAUA:

18:00 Harrera. Jone Miren Hernandez (UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra) eta Beñat Gaztelumendi (Mintzola Ahozko Lantegia)
18:10 Bertsolaritzaren autonomia estetiko baten bila: distortsioak eta arrasto batzuk :: Kepa Matxain Iztueta
18:30 Nazio-gatazkaren trataera Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finaletan :: Jon Gurrutxaga Urbieta
18:50 Bertsolaritza, diskurtso komunitategintza :: Maialen Akizu Bidegain 
19:10 Galderak - Atsedena
19:25 Liburuen aurkezpenak: UPV/EHUk argitaratutako Kultura ez da bat-batekoa liburuaren aurkezpena Xabier Aierdi ikertzailearen eskutik, eta UEUko Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen argitalpenaren aurkezpena, Ane Labaka eta Miren Artetxe bertsolari eta ikertzaileen eskutik
19:35 Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, plazandre feminista? :: Elixabete Perez Gaztelu (Deustuko Unibertsitatea)
19:55 Kazetaritza eta bertsoa: plazandre haien errimen oihartzunaz :: Antxoka Agirre Maiora (Euskal Herriko Unibertsitatea)
20:15 Hiru adibide berri, emakume bertsolariak beti plazan aritu diren adierazgarri :: Eñaut Agirre Goia (Euskal Herriko Unibertsitatea)
20:35 Galderak
20:45 Euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko Gradu Amaierako Lanen I. Sariaren banaketa.