Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ahozko kultur sorkuntzen orubea lantzen

"Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika" ikastaroa hasi dugu gaur. Bihar izango du jarraipena, presentzialki zein online.

"Grezia klasikoan aktoreak oholtzara maskararekin igotzen ziren, ikus-entzuleekiko begirunez", hasi du Arantxa Hirigoyen lehen hizlariak saioa. Maskarak, metro eta erdiko distantziek eta online parte hartzeak; pandemiak ekarri du moldaketarik aurtengo ikastarora. Horrek, ordea, ez du ikasleen grina mugatu, Donostiako Miramar Jauregiko aretoa jende mukuruz baitzegoen eta online jarraipena ere arrakastatsua izan baita. Gaur hasi da Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika ikastaroa UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, eta bihar izango du jarraipena.

Ahozko kultur sorkuntza hezkuntzan nola txertatu dute kezka eta egiteko Arantxa Hirigoyen Axut antzerki kolektiboko arduradun pedagogikoak, Gotzon Barandiaran kulturgile eta Hitzen Ahairea eta Musikariak ikastetxeetan egitasmoetako sustatzaileak eta Mikel Artola Bertsozale Elkarteko hezkuntza eragile eta ikertzaileak.

"Ez zait iruditzen bertsolaritzaren transmisioa Bertsozale Elkartearen ardura bakarrik denik; eta gauza bera beste adierazpideekin ere”, azaldu du Artolak amaierako mahai-inguruan,  “hezkuntzak irekita egon behar du gizartera eta paper garrantzitsua betetzen dugu elkartetik ikasgelara joanda, zerbait ezberdina eskaintzen dugulako, baina hori nola artikulatzen den, erantzun erabatekorik ez dut ikusten, kezka badagoen arren" hezkuntza sisteman ahozko kultur sorkuntzaren transmisioa txertatzeari dagokionez. Saretze hori garrantzizkoa dela deritzo Hirigoyenek, eta formazioaren balioa ere nabarmendu du: "Antzerki tailer bat ikasiz eta landuz formakuntza proposatzen diegu irakasleei".

"Izugarri aberasgarria litzateke kultur adierazpide guztiak pertsonen garapen integralerako ezinbestekotzat ulertzea" aipatu du Barandiaranek, eta, zentzu horretan, kultur adierazpide horietan trebatzeko sormen laborategiak aipatu ditu Hirigoyenek; Mintzolak horretarako tresna batzuk eman ditzakeela ere mahairatu du Artolak, eta Ahots Baten sormen egonaldia eta Ahostegunak ekimenak aipatu dira horren adibide.

Ahozko kultur sorkuntza, gozamenetik, identidadetik eta gaitasunetik

Antzerkiak, kantagintzak eta bertsolaritzak hezkuntzan dituzten zenbait egitasmo ezagutu ditugu gaurko saioan. Amaieran, Bea Egizabal klown inprobisatzaileak bere "klownklusioekin" biribildu du saioa.

Arantxa Hirigoyen Axut antzerki kolektiboko arduradun pedagogikoa da. Axut egin eta hartu, euskarazko antzerkiaren garapena sustatzea dute helburu; tartean, ikasgelatako lanketari garrantzia handia emanaz. “Artearen funtzioa hizkuntzaren irudimena garatzea ere bada, afektibotasunari lotuta”. Gainera, “lanketa aktiboa izatea eskatzen du antzerkiak: testua alde guztietara mugitzen dugu geureganatu arte. Bizia da, ahozkoa baita"; antzerkian, gorputzak ere badu zer esanik, noski.

"Kantatzen dugun horrek ere egiten gaitu". Gotzon Barandiaranek ikasgelara kantagintza ekartzeko bi proiekturen esperientzia azaldu du: Hitzen Ahairea, Rafa Ruedarekin batera garatutakoa; eta Musikariak ikastetxeetan, 33 musikariren parte hartzearekin. "Kulturzaleak behar ditugu: sortzaileak, antolatzaileak, bitartekariak,…" eta horretan ekarpena egiteko asmotan sortu ziren biak, euskal kulturaren transmisioan etena gertatu dela sumatuta.

Zaletasuna trebezia edo gaitasuna lantzearekin lotu du Artolak. "Ikasgelan bertsoa osatzeko amaieratik hasi behar hori maiz aipatzen dugu; baina bertso osoa idatziz hiru egunetan egitea baino gertuago egon daiteke bat-batean puntutan egitea" eta bat-batekoarekin eta ahozkoarekin lotura zuzena duen gutxieneko trebezia horretan jarri du begia bertsolaritza lantzerakoan. Bertsozale Elkarteko hezkuntza proiekturako bertsolaritzaren didaktikaren metodologia lantzen ari da Artola; "hasiera-hasieratik izan du Bertsozale Elkarteak hezkuntzan aritzeko bokazioa", eta jakintza metatu handia dago, "besterik da hori maila teorikora zenbateraino ekarri dugun". Bide horrek eman du bere emaitza: "460 ikastetxe eta 28.500 ikasle; horixe gure lurzorua".

Gure ikastaroaren lurra goldatzen bihar jarraituko dugu: ahozkotasunaren transmisioan eta erabileran jarriko dute hizlariek arreta batez ere.