Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2016/10/19

Ahots Batenerako lehen gonbidatuen izenak ditugu!

Anari, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx", Julio Soto eta Miren Amuriza izango dira abenduko egonaldian han bildutako gazteekin ahozko kultur sorkuntzaren lanketa egiteko.

Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura uztartuko dituzte Ahots Baten sormen egonaldian parte hartuko duten gazteek. Egun bakoitzean adierazpide batekin esperimentatuko du taldeak eta horietan aditu eta aritu direnen bisita jasoko dute: Anari kantariak, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" antzezleak eta Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariek hartuko dute parte, besteak beste. 

Pasa den astean abiatu zen Ahots Baten sormen egonaldian izena emateko epea eta urriaren 30era bitarte egongo da zabalik: www.mintzola.eus atarian dagoen eskari orria betez edota 943 693 870 telefonora deituz. Aipatutako adierazpideetan interesa duten 15-20 urte bitarteko gazteei zuzenduriko ekimena da. 

Egonaldia Zestoako Sastarrain baserri-eskolan egingo da, abenduaren 26tik 30era arte. Egitasmoa gauzatzen den bigarren aldia da; iaz, oso gustura geratu ziren parte-hartzaile zein antolatzaileak. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu du egonaldia, Bertsozale Elkartea, EHAZE, Euskal Kantuzaleen Elkartea, Ikastolen Elkartea eta ipuingintzan aritzen diren zenbait aditurekin elkarlanean.