Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/11/04

Ahots Baten sormen egonaldirako izen-ematea, irekita

Abenduaren 26tik 30era egingo dugu aurtengoan ere sormen egonaldia. Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar "Amorante" kantaria, Harkaitz Cano idazlea eta Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak elkartuko dira taldearekin.

Euskarazko ahozko kultur sorkuntzan trebatutako gazteak Ahots Baten sormen egonaldian elkartuko ditugu bosgarren urtez jarraian. Azkoitiko Abaraxka aterpetxean egingo dugu egonaldia, abenduaren 26tik 30era. Izen-ematea gaur abiatu eta abenduaren 2ra arte egongo da irekita.

15 eta 22 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzenduriko egonaldia da: antzerki-, bertso-, eta kantu-eskolatako kideei batez ere, baita Urruzuno Literatura Sariketako eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako gazteei ere.

Ahots Baten 2019: eman izena orain!

Antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura-kontalaritza landuko dituzte egun horietan, eta adierazpide bakoitzeko aditu bat batuko zaie taldera: Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar Amorante musikari eta kantaria, Harkaitz Cano idazlea eta Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak izango dira aurtengoan.

Ikastolen Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen dugu elkarlanean, euskarazko ahozko kultur sorkuntzako beste zenbait eragile eta sortzaile ere aintzat hartuta.

Informazio gehiago, hemen