Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/12/26

Ahots Baten sormen egonaldira goaz!

Gaurtik igandera bitarte izango dira gazte sortzaileak Aubixako aterpetxean, Elgoibarren (Gipuzkoa). Danele Sarriugarte, Jon Basaguren, Oier Guillan, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi han izango dira egunotan gazte sortzaileekin beren bizipenak partekatzen.

Abenduko azken egunak hurbildu ahala, irribarre egin eta eskuak igurtzen dituzte hainbat gaztek. Opor egunak direlako, bai, baina bestelako plan ederrak egiteko aukera izaten delako ere bai.

Antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura zale amorratua ez ezik diziplina horiekin jolasteko eta sortzeko grina duten gazteentzako proposamen erakargarria da Ahots Baten sormen egonaldiak eskainitakoa. Gaur hasi eta igandera bitarte, izena emandako gazte sortzaileak Aubixako aterpetxean elkartuko dira, Elgoibarren (Gipuzkoa), eta aipatutako diziplinekin gozatuko dute Gabonetako opor egunetan. Lehen egunean antzerkia landuko dute; bigarrenean, kantua; hirugarren jardunaldian, literatura; eta azken egunean, bertsolaritza. Horiek lantzeko egun bakoitzean gaian aditu den norbait joango zaie Aubixara: Oier Guillan antzezlea, Danele Sarriugarte idazlea, Jon Basaguren abeslari eta musikaria edota Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariak.

Ekimen hau euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortu zen duela hiru urte. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen du, Ikastolen Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin, Bertsozale Elkartearekin eta ipuingintzari loturiko zenbait eragilerekin elkarlanean. Aurreko egonaldietako emaitzarekin gustura geratu izan dira bai izena emandako gazteak, begiraleak zein parte hartu duten adituak; asko harrituta ere bai gazteen talentuarekin.

Gozatu aurtengoaz ere!