Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/01/25

Ahots Baten sormen egonaldiko bideoak, ikusgai

Abenduaren 26tik 30era gauzatu ziren Ahots Baten sormen egonaldiak hirugarren urtez jarraian. Egonaldiko bideoak ikusgai daude orain: ordukoak berriro bizitu nahi?

[BIDEO GUZTIAK HEMEN]

Urtean zehar antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura lantzen dituzten gazte sortzaileak bildu ziren Gabonetan Zestoako Sastarrainen, Ahots Baten sormen egonaldiaren baitan. Gazteok antzerkiarekin, bertsolaritzarekin, kantuarekin eta literaturarekin esperimentatu eta ondo pasatzeko aukera izan zuten, bidenabar euren arteko harreman sarea osatuz. Euskal Herri osoko ia 40 gazte bildu ziren.

Egun bakoitzean adierazpide bat landu zuten eta horretarako gaian aditu eta aritu direnekin solasean aritu ziren: hala, literatura lantzeko Bihotz Handiegia liburua kaleratu berri zuen Eider Rodriguez idazlea joan zitzaien; antzerkia lantzeko Eneko Sagardoy Handia filmeko aktorearen bisita izan zuten; kanturako Gose taldeko Ines Osinagarekin izan ziren; eta, bertsolaritzaren egunean, Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolariak.

Ahots Baten sormen egonaldiaren hirugarren edizioa izan da gauzatu berri dena. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen du egitasmoa, Ikastolen ElkarteaBertsozale ElkarteaEHAZEEuskal Kantuzaleen Elkartea eta ipuingintzako zenbait aditu eta ariturekin elkarlanean.

Gazte sortegiak: izena emateko epea zabalik
Sormena lantzen eta harekin gozatzen jarraitu nahi duten gazteek, abagune bikaina izango dute laster ere. Araban Gazte Sortegiak sormen laborategia antolatu da. Egitasmoa Geu Elkartearen, Oihaneder Euskararen Etxearen, Euskaltzaleen Topagunearen, Arabako Bertsozale Elkartearen, Arabagararen eta Mintzola Ahozko Lantegiaren arteko lankidetzaren emaitza da.

Pazko astean bost eguneko sormen egonaldia gauzatuko da. 14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, Arabako lau sortzaileren eskutik bertsolaritza, antzerkia, musika eta ikus-entzunezkoen sortegiak egingo dira, Kanpezuko Ibernalo aterpetxean. Izena emateko epea martxoaren 11ra arte egongo da zabalik. Egonaldiaren ostean, 2018-2019 ikasturtean, sormen eskola abiatuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Eskolaz kanpoko ekintza moduan, astean behineko saioetan antolatuko da. Sormen eskolaren inguruko informazioa aurrerago zabalduko da Oihaneder Euskararen Etxearen eskutik.