Ahots Baten sormen egonaldian agurtuko dute urtea hainbat gaztek
Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura uztartuko dituzte Ahots Baten sormen egonaldian parte hartuko duten gazteek. Egonaldia Zestoako Sastarrain baserri-eskolan egingo da abenduaren 26tik 30era eta 15-20 urte bitarteko ia 40 gazte izango dira, denak ere jatorri anitzekoak: Altsasu, Angelu, Gasteiz, Lakuntza, Larraul, Lekuine, Eskoriatza, Ondarroa, Portugalete...
Egun bakoitzean adierazpide batekin esperimentatuko du taldeak eta horietan aditu eta aritu direnen bisita jasoko dute. Aurten Lekore literatura aldizkaria sustatzen duten ITU bandakoak izango dira lehen egunean; hurrengoan, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" antzezlea; segidan, Anari kantaria; eta azken egunean, Miren Amuriza eta Julio Soto bertsolariak izango dira egonaldian.
Egitasmoa gauzatzen den bigarren aldia da; iaz, oso gustura geratu ziren parte-hartzaile zein antolatzaileak. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu du egonaldia, Bertsozale Elkartea, EHAZE, Euskal Kantuzaleen Elkartea, Ikastolen Elkartea eta ipuingintzan aritzen diren zenbait aditurekin elkarlanean.