Ahots Baten sormen egonaldia, ikusgai
Ahots Baten sormen egonaldian bizitakoak ikus-entzunezkoan bilduta ikus daitezke orain Mintzolaren atarian.
2015eko gabonetako oporraldian egin zen lehendabizikoz Ahots Baten sormen egonaldia. Zestoako Sastarrain baserri eskolan bildu ziren 15-20 urte bitarteko 28 gazte, eta ipuina, antzerkia, kantua eta bertsoa izan zituzten gozagai.
Euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortu du Mintzola Ahozko Lantegiak, elkarte ezberdinen elkarlanaren bidez: Ikastolen Elkartea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskal Kantuzaleen Elkartea eta Bertsozale Elkartea, ipuingintzari loturiko zenbait eragilerekin batera.