Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/12/14

Ahots Baten sormen egonaldia egingo da urtearen amaieran

15-20 urte bitarteko hainbat gaztek gozatuko dute egonaldiaz. Ahozkotasunaren diziplina ezberdinak landuko dituzte, alorreko adituekin batera.

Abenduaren 26tik 30era Zestoako Sastarrain baserri eskolan elkartuko dira 15-20 urte bitarteko 30 gazte. Ahozkotasunaren diziplina ezberdinak lantzen dituzte gazteok urtean zehar eta, urtea birbiltzeko, Ahots Baten sormen egonaldiaz gozatzeko parada izango dute. Gazteen artean harremanak saretzea eta beste adierazpideekin esperimentatzea du helburu sormen egonaldiak; antzerkigintza, kantagintza, literatura zein bertsogintza izango dituzte gozagai.

Egun bakoitzean adierazpide bat landuko du taldeak, eta alor horretako sortzaile bat etorriko zaie bisitan aterpetxera, arratsaldeko ekintzak egitera eta gaubelan parte hartzera. Ipuingintzaren egunean Beatriz Egizabal izango dute lagun, antzerkia lantzera Eñaut Gantxegi etorriko da, kantagintzaren egunean Mikel Markez, eta bertsolaritza lantzeko Andoni Egaña eta Uxue Alberdi, Xabier Lizaso pianjolearekin.

Egonaldian parte hartzeko aukera luzatu zaie antzerki eskoletako, bertso-eskoletako, kantu eskoletako gazteei, baita Urruzuno Literatur Sariketako irabazleei eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalistei ere.

Mintzolak antolatutako ekimena da eta elkarlanean aritu dira Ikastolen ElkarteaEuskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskal Kantuzaleen Elkartea eta Bertsozale Elkartea.

Informazio gehiago, hemen.