Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020/11/18

Ahots Baten bi egunetan egingo dugu aurten

Azpeitiko Dinamoa sormen gunean izango da, abenduaren 28an eta 29an. Datorren astean hasiko da izen-ematea: azaroaren 23an, 10:00etan.

Lauzpabost eguneko egonaldia izan ohi dena bi saiotako ekimena izango da aurten. Gabonetako oporraldiak baliatuta egin ohi dugu Ahots Baten sormen egonaldia, 2015ean lehena egin zenetik; aurten, ordea, egonaldia egiteko baldintzak ez daudenez gero, bi saiotan gauzatuko dugu. Abenduaren 28an eta 29an izango da, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean.

Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta kontalaritza edota literatura: kultur diziplina horiekin esperimentatzeko gunea da Ahots Baten. Urtean zehar diziplina horietan aritzen diren 1998 eta 2005 urteen artean jaiotakoei zuzendutako egitasmoa da, alegia, 15 eta 22 urte bitartekoei.

Izen-ematea datorren astelehenean, azaroaren 23an, hasiko da; 10:00etan abian jarriko dugu webgune honetan bertan izen-emate orria. Aurten doakoa izango da Ahots Baten. Abenduaren 9ra arte eman daiteke izena (egun horretako eguerdira arte, 12:00ak arte), eta, behin izen-ematea itxita, jakinaraziko zaie izena eman duten lagunei tokia izango ote duten. Indarrean dauden neurriak bete ahal izateko toki mugatua dagoenez, 20 lagunentzako tokia izango da eskainiko duguna, eta aintzat hartuko da izena emateko ordena.

Taldearen parte izango direla jakinarazten zaien gazte sortzaileei bi egunetan etortzeko konpromisoa eskatzen diegu. Era berean, Mintzola Ahozko Lantegiak irisgarritasunean lagunduko die partaideei; adibidez, joan-etorria frogatzeko agiriekin.

Aurtengo gonbidatuak eta ikuskizuna

Abenduaren 28an zein 29an, 9:30ean elkartuko gara Azpeitiko Dinamoan; 18:30ean amaituko da saioa lehen egunean, eta 19:45an bigarren egunean, bi eguneko jarduna amaitzeko ikuskizuna eskainiko baita. Otorduari dagokionez, San Agustinen bazkalduko dugu.

Lehen egunean, literatura eta bertsoa izango dira mami: Iratxe Retolaza literatura adituak hasiko du saioa, eta arratsaldean Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak batuko dira taldera. Bigarrenean, Xanti Agirrezabala aktoreak eta Mursego kantariak hartuko dute parte; amaitzeko, Agirrezabalak Satiro bere bakarkako antzezlana eskainiko du.

Bazatoz? 15 eta 22 urte bitartekoa bazara,... zorionekoa zu!

Informazio gehiago, hemen.