Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020/10/14

Ahostegunak: ireki da izen-ematea

Urriaren 22ra arte eman ahal izango da izena, eta epe hori pasata jakinaraziko dugu taldearen osaketa. Ostegun sozialak gurekin pasa nahi?

Urriaren 29an hasiko da Ahostegunak, eta ostegunero izango dira saioak azaroaren 26ra arte. Gaur hasi da izen-ematea, eta martxan izango da urriaren 22ra arte.

Eman izena: Ahostegunak 2020

Antzerkiaz, bertsoaz, kantuaz eta literaturaz gozatzeko saioek osatzen dute Ahostegunak. Ostegunetan 16:00etatik 19:00etara izango dira, UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan, Donostian. Aipatutako kultur sorkuntza bat landuko da egun bakoitzean: gazteek beraien artean harreman sarea ehuntzea da helburua, esperientziak eta iritziak partekatzea, eta diziplina horretan aritu eta aditu den lagun batek edo batzuek hartuko du(te) parte saio bakoitzean. Azken egunean, aurretik egondako gonbidatu guztiekin mahai-ingurua egingo dugu. Aurtengoan Olatz Salvador kantautorea, Erika Olaizola aktorea, Eli Pagola eta Odei Barroso bertsolariak eta Oier Guillan idazle eta sortzailea izango dira gonbidatu.

Ahostegunak 2020

18 eta 22 urte bitarteko gazteentzako egitasmoa da. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Bestalde, taldea osatzerakoan, izena emateko ordena aintzat hartuko da, eta, behin eginda, saio guztietara etortzeko konpromisoa eskatzen da; ostegunero talde bera izango da parte hartzen, eta dinamikari eusteko garrantzitsua izango da partaideak agertzea.

Ahostegunak antolatu dugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren laguntzarekin batera.

Animatzen al zara? gorde egunok agendan eta eman izena orain!

Erlazionatutako elementuak
Ostegunak, aurten ere, Ahostegunak